Beroki gorria albuma, laranja koloreko poltsa dotoreetan gordeta, pozik atera zen jendea atzo [urriak 21] Markina-Xemeingo udaletxetik. Peru Abarka Album Lehiaketako
XI. albuma aurkeztu zuten atzo iluntzean, jendez betetako osoko bilkura aretoan, ekitaldi bereziagaz.
Aurtengoa
XII. Lehiaketa izan bada ere, urte baten saria eman barik geratu zenez, argitaratu den XI. albuma izan da
Beroki gorria. Mari Eli Ituarte lehiaketaren koordinatzailea eta epai mahaiko kidea, Iratxe Lasa Markina-Xemeingo Udaleko zinegotzia eta irabazle biak, Patxi Zubizarreta idazlea eta Yolanda Mosquera ilustratzailea, jarri ziren aurkezpen mahaiaren atzean album berriaren nondik norakoak azaltzeko. Oroitzapenerako, gogoetarako eta hunkitzeko uneak egon ziren, batez ere Patxi Zubizarretak aukeratutako gaiari lotuak.
Peru Abarka Album Lehiaketaren Beroki gorria album berriaren aurkezpena.
Patxi Zubizarretaren lanak, 36ko gerratik ihesi,
Havana itsasontzian, Santurtzitik Ingalaterrarako bidaia egin zuten umeen historia islatzen du. Aurkezleek aitatu zuten modura, “iraganeko gaia, baina zoritxarrez, gaur egun ere, egunero komunikabideetan ikusten diren albisteetan errepikatzen dena”. Hurre hurreko gaia, gainera. Iratxe Lasa zinegotziak jakitera eman zuenez Markina-Xemeingo emakume batek bidaiatu zuen
Havana izeneko itsasontzi horretan, bai eta bere aitonak ere. Horrela, liburua hartu zuenean emozionatu egin zela aitortu zuen Lasak.
Aukeraketa. 14 testu eta 33 ilustrazio aurkeztu dira aurtengo lehiaketara, eta gainera, oso maila handikoak, Mari Eli Ituartek esan zuenez. Idazlananen aukeraketarako epaimahaia Mari Eli Ituarte berak, Ana Urkiza idazle ondarrutarrak eta Eukene Herrera Ibaizabal argitaletxeko literatura arduradunak osatu dute. “Hamalau lan horien artetik
Beroki gorria izan zen hiru epaimahaikideok lehen momentutik posibleen artean gorde genuen lanetako bat, eta azkenean, aho batez aukeratu genuen”, zehaztu zuen Ituartek.
Idazleak erabilitako tonua eta estiloa oso aberatsak iruditu zitzaizkien. Lerroz lerro umeen bakuntasuna, tristura eta etsipena hautematen dira narrazioan, beroki gorri bat umeen esku batetik bestera igarotzen den bitartean. “Beroki gorria bera
sinbolo bihurtzen da. Ez da bakarrik beroki bat, sinbolo bat da,
Havana itsasontzian bidaiatu zuten umeen bizipenak kontatzeko bidea. Sinbolo hori, gainera, oso ondo josita dago narrazioan”, azaldu zuen Mari Eli Ituartek.
Yolanda Mosquera ilustratzailea.
Bigarren aldia. Azken emaitza gustokoa edo horren gustokoa ez bada ere, sortze prozesua dela gehien betetzen duena aitortu zuen Yolanda Mosquera ilustratzaileak. Hori dela eta, publikoa prozesu horren guztiaren jabe egiteko ikusentzunezko bat eskaini zuen, atalez atal, abuztu osoan egindako lanaren prozesu osoa erakusteko.
Collage erako irudiekin osatu du Mosquerak
Beroki gorria, irudiei gorputza emanez.
Ilustrazioen aukeraketan Mari Eli Ituarte, Ima Mendiola Ibaizabal argitaletxeko diseinatzaile eta ilustratzailea eta Aitziber Alonso ilustratzailea ibili dira.
Bigarren aldia izan da Yolanda Mosquera Peru Abarka Album Lehiaketako mahai atzean jesartzen dena. Aurretik ere saritua izan da, eta Yolanda Arrietak idatzitako ABCD Berri Bat albuma ilustratu zuen.
Hiru p-ak. Patxi Zubizarreta idazlea, bestalde, lehen aldiz aurkeztu da lehiaketara eta sariaren jabe egin da. Idaztea ez dela erraza esan zuen, “ez da erraza ideia zoragarri bat topatzea”. Hala ere, handik eta hemendik,
Havanan bidaiatu zuten umeen eszena ezberdinen jabe egin, eta istorio batean txertatu ditu. Istorioa idazteko hiru p-ak bazituela esan zuen. “Banuen pertsonai bat, pasio bat eta paisaia bat. Pertsonaia
Havanan bidaiatu zuten umeak ziren orokorki; pasioa, gerra bukatzea eta itzultzea; eta paisaia bat, kartzela: itsasontzia edo kanpalekua”. Eta
metafora beroki gorria dela azaldu zuen. “Dena biltzen duena”.
Patxi Zubizarreta idazlea album berriaren nondik norakoak azaltzen.
Album berriaren pasarte bat irakurri zuen Zubizarretak, musikagaz lagunduta, umeen kanpalekua ikusten zen bitartean, eta Yolanda Mosquera bezala esker oneko agertu zen sariagatik.
Amaitzeko, album berria sinatu zuten egile biek, hilara egiten zutenei
xuxurlatzaileek pasarte batzuk xuxurlatzen zizkien bitartean.