2016-2017 denboraldia martxan, Isuntza Arraun Elkartean
Gazte mailetako arraun denboraldia martxan dago joan den irailaren 14tik eta Lekeitioko Isuntza Arraun Elkartekoak zehaztu dutenez, orain arte arraun elkartera hurbildu diren gazteak 44 izan dira. Kategoria bakoitzeko banaketa horrelakoa dela zehaztu dute: alebin mutilak 12 dira, alebin neskak 9, infantil mutilak 17 eta kadete mutilak 6.
Kopuruaren aldetik, oso pozik agertu da Isuntza Arraun Elkarteko zuzendaritza-batzordea eta denboraldi berria, ilusioz eta esperantzaz begiratzen dutela ere gaineratu dute. Gogoratu dute bai eta ere, aurtengo denboraldirako arraunlari jubenil askorik ez dagoela, eta 1999-2000 urteko gazte jubenilak arraun elkartera hurbiltzeko nahia eta interesa agertu dute.
Nesken taldea. Berritasun modura aldiz, hainbat urtetan arraun elkartean neskarik izan ez arren, aurten jada, martxan da emakume talde bat eta 17 neska senior hasiak dira entrenamendu saioak egiten. “Positiboa eta pozgarria arraun elkartearentzat”, nabarmendu dute.
Senior mutilek, bestalde, joan den astean hasi zituzten entrenamenduak.
Amaitzeko, oraindik ere arrauna egin nahi duten neska-mutil gazteentzako zein arrauna probatu nahi dutenentzako, ateak zabalik daudela gogora ekarri dute, eta Isuntza Arraun Elkartera etortzeko deia egin dute.