“
Isilean erakusketak gizon batek azken hamar urteetan etxeko espazioan izandako esperientzia islatzen du”. Horrelantxerik deskribatu du
Pello Ulazia Ibarzabal artista mutrikuarrak
Zabiel kultur etxean ikusgai ipini duen erakusketa. Urriaren 21ean inauguratu zuten erakusketa, eta egun horretan, herritarrek
Ulaziaren azalpenak zuzenean entzun ahal izan zituzten.
Erakusketa gidatua egiteaz gain, aurretik,
Aitatasuna, maskulinitatea eta etxeko espazioaren dimentsio politikoa mahai ingurua egin zen. Izan ere, erakusketak hori bera jorratzen du. “Erakusketak egungo gizartean nagusi izan diren ohitura eta ezarritako ereduen inguruko hausnarketa proposatzea du helburu”.
Pello Ulazia Ibarzabal, ‘Isilean’ erakusketaren inaugurazioan
Halaber, proiektuaren izenburuak etxe barruan egiten den isileko lanari egiten diola erreferentzia azaldu du Ulaziak. “Horrez gain, etxeko zein gizarteko praktiketan egiteke dagoen lanaren aurrean jarduteko modu bat ere islatzea du helburu”. Eta herritarrak hausnarketara gonbidatu nahi ditu mutrikuarrak.
Erakusketan ekintza, elementu eta gertakariak jasotzen ditu, eskulturetan, argazkietan eta ikus-entzunezkoetan. “Ikuspegi objektibotik, ohiko zein ‘naturaltzat’ jotzen dugun baina ‘sozialki ikusten ez diren’ alderdiak ikusgai uzten ditu erakusketak”.
Erakusketa azaroaren 6ra arte egongo da ikusgai.
Ordutegia: astelehenetik barikura, 18:30etik 20:30era, eta zapatuan eta jai egunetan, 12:00etatik 14:00etara.
Ulazia, azalpenak ematen