Zapatuan [urriak 29] ospatuko da Usotegi Eguna, Lekeition. Lekitto Bedarrak urte osoan Usotegi parkean egiten duen lana bistaratzeko eta herritarrak parkera hurreratzeko antolatzen du jaia, eta aurten laugarrenez egingo dute. Formatuari dagokionez, aurreko urteetan egindako formatuari eutsi dietela azaldu dute.
Beste behin ere, merkatu plazara joaten diren ekoizleek euren lekua edukiko dute jaian. “Besteak beste, guk salmenta zuzena, aurrez aurrekoa, bultzatu nahi dugu, eta horregatik egiten diegu lekua bertoko ekoizleei”.

Usotegi eguna 2014. urtean. Argazkia: Lekitto Bedarra.
Eta urte osoan taldeak egiten dituen ekintzetan
auzolana nagusitzen denez, jaialdian ere hori presente egongo dela aurreratu dute. “10:00etan hasiko gara parke aurrean dauden lorontziak apaintzen. Eta horretarako
Olatz Eigurenen laguntza edukiko dugu”. Lorontziak lorekin bete eta gero, Mari Talako eskulan tailerreko kideek lorontziak margotuko dituzte. “Lan handiena aurretik eginda edukiko dute eskulan tailerrekoek. Izan ere, egunean bertan ezin dira dena egiten hasi. Dena dela, zapatuan lorontzien zati bat margotuko dute”. Aurreratu dutenez, eskultan taldeko kideek udazkeneko koloreekin margotuko dituzte lorontziak.
Amaia Gabilondo (GaraiON taldea): “Auzolana edozein artelan edo elkarlan bideratzeko modu eder bat da; ametsak modu kolektiboan eraikitzeko arma ederra da”
Hitzaldi eztabaida ere egingo da. Hori Amaia Gabilondo Arabako Ozaeta herriko
GaraiON taldeko kideak gidatuko du. “Talde horrek natura eta ondare sozialari lotutako jarduerak lantzen ditu, auzolanean. Eta berak euren esperientzia kontatuko digu”. Izan ere, talde horrentzako
auzolana funtsezkoa izan da. “Auzolanari esker Arabako Ozaeta herrian daukagun egoitza poliki-poliki biziberritzeko aukera izan dugu”, dio Gabilondok.
Horrez gain, azken lau urteetan, auzolana, natura eta artea uztartuz, ehun eskultura artistiko baino gehiago sortu dituzte Gipuzkoan eta Araban; auzolana egiteko 14-18 urte bitarteko 2.000 gazte baino gehiago bildu dituzte. “Auzolana edozein artelan edo elkarlan bideratzeko modu eder bat da; ametsak modu kolektiboan eraikitzeko arma ederra da”.
Iaz egin modura, aurten ere
aitzur jaurtiketa txapelketa eta kalabazaren pisu neurketa ere egingo dira. “Aitzur jaurtiketa txapelketak arrakasta eduki zuen iaz. Kalabazaren pisua igartzeko lehiaketa dirua lortzeko egiten dugu”.
Parkearen bilakaera. Parkeko eraikina amaitu eta gero, taldeko kideek beste txabola txiki bat egin zuten, tresnak bertan laga ahal izateko. Orain, auzokonpostagailua jartzea geratzen dela diote. “Urte amaierarako eginda egongo da”.

Usotegi Eguna, iaz. Argazkia: Lekitto Bedarra
Azken urteetan parkeak bestelako itxura hartu du. Izan ere, Lekitto Bedarreko kideek belarra moztu, parkea txukundu, hormak garbitu eta beste hainbat eta hainbat lan egin dituzte. Eta hori guztia auzolanean eta diru laguntza barik egin dutela azaldu dute. “Hori ere esan egin behar da”.
Ortua landu nahi duten herritarrek Usotegin horretarako aukera daukatela azaldu dute Lekitto Bedarrekoek
Ortuei dagokienez, ahal duten neurrian taldeko kideek kudeatzen dutela diote. “Hamabi sail daude, eta erabilpena zabaldu egin genuen, baina herritar batek hartu du serio”. Beraz, oraindik ere nahi duten herritarrek ortua lantzeko aukera daukatela gaineratu dute. “Guk beti gordeko ditugu sail batzuk taldeak ikastaroak eta abar egiteko. Baina gehiago ere badaude. Nahi duguna da libre dauden horiek herritarrek hartzea eta lantzea. Eta guretzako hori izango litzateke polita. Azken finean, espazio hori partekatu eta parkeari bizia eman nahi diogu”.
Gainera, ortua landu nahi duten herritarrek Usotegin dena eskura daukatela azaldu dute taldeko kideek. “Tresnako han daude, sukalde txiki bat ere badago, lurra oso aberatsa da…”.
Oro har, jaialdia eginez, taldeko kideek
pilak kargatzen dituztela diote. “Lan asko egiten dugu, eta horrelako ekintzak eginez, ondo pasatu eta aldi berean talde izaera indartzen da”. Eta herritarrei jaian parte hartzeko gonbitea egin diete
EGITARAUA:
- 09:00etatik 13:00etara. Azoka: merkatu plazako ortuarien salmenta eta sagardo, txakoli eta gazta ekoizleak.
- 10:00etan. Lorontzien prestaketa, auzolan erara. Olatz Eigureren eskutik, lora ontziak prestatu eta Mari Talako eskulan tailerrekoen margoketa.
- 12:00etan. Hitzaldi-eztabaida: Auzolana, etorkizunerako irtenbidea?, Amaia Gabilondo GaraiON taldeko kidearen eskutik.
- 13:00etan. Aitzur jaurtiketa txapelketa.
- 13:30etan. Ortuko produktuekin egindako pintxoen dastaketa.
- Goiz osoan. Argazki erakusketa, umeentzeko tailerrak eta jolasak, orturako aholkuak, musika, zozketak eta abar.
- Oharra: eguraldi txarragaz, ekintzak merkatu plazan egingo dira.
[IAZKO ARGAZKI GALERIA]