Herritarren parte hartzea eta kirola bultzatzeko helburugaz, bederatzigarren Lekitto Bixirik herri krosak zeharkatuko du Lekeitio domekan [urriak 30].
Lau lasterketa egingo dira, adin maila desberdinetakoak.
11:30ean hasiko dira umeen lasterketak. Lehenengo 2010-2013 urte bitartekoak egingo dute aringa-aringa 450 metroko ibilbidea eginez, portuan zehar. Horien atzetik,
11:45ean, 2006-2009 urte artekoak, 1.050 metroko ibilbidea egingo dute, eta 2002-2005 urte bitartekoek 1.400 metroko ibilbidea bete beharko dute
12:00etan herriko plazatik irtenda.

8. Lekitto Bixirik Herri Krosseko parte hartzaileak. Argazkia: Garraitz Kirol Taldeko kirolariak
15 urtetik gorakoentzako (2001 urtetik aurrerakoak) 5 kilometro eta erdiko ibilbidea zehaztuta egongo da.
12:15ean hasiko dute krosa.
Opariak eta sariak. Parte hartzaile guztiek izango dituzte opariak. Lasterketa luzeko parte hartzaileek kamiseta bat jasoko dute, eta lasterketa amaitu ondoren, ura eta fruta eta zozketa batean parte hartzeko aukera izango dute.
Umeentzako, bestalde opari berezi bat edukiko dutela aurreratu dute antolatzaileek.
“Parte hartzaile guztien artean, Beitia Barri jatetxean bi lagunentzako afari bat eta Axis osteopatia zentroan hiru sesio zotz egingo ditugu”, aurreratu dute.
Helmura lehenengo heltzen den emakumeak eta gizonezkoak bertoko produktuekin osatutako otzara bana irabaziko dute.
Izen ematea. Lasterketan parte hartzeko izena aldez aurretik zein bertan egunean eman daiteke. Hala ere, aurretik izena emanez gero, ordaindu beharreko kopurua txikiagoa izango da.
Zapatua [urriak 29] baino lehen izena eman nahi dutenek,
lekitxobixirik@hotmail.com posta elektronikora idatzi behar dute, izen abizenak eta NAN zenbakia ere jarrita. 5 euroko ordainsaria lasterketa egunean ordainduko dute.
Lasterketa egunean izena ematen dutenek, berriz, 10:30etik aurrera herriko plazan egongo den mahaian eman beharko dute izena. Ordainsaria 7 eurokoa izango da orduan.
Bestalde, antolatzaileek jakitera eman dutenez, umeek (2002 eta 2013 bitartean jaiotakoek) ez dute ordaindu beharko.