Miren Gorrotxategi idazle azpeitiarrak 33 ezkil lehen eleberria aurkeztu du gaur [urriak 26] goizean Donostiako Elkar aretoan. Lana, hain zuzen ere, Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak elkarlanean antolatzen duten XV. Augustin Zubikarai bekari esker idatzi ahal izan du.
Gorrotxategigaz batera aurkezpenean izan dira Eneritz Basurko Ondarroako euskara zinegotzia eta Xabier Mendiguren Elkarreko editorea ere.
Basurko, Gorrotxategi eta Mendiguren liburua aurkezten. Argazkia: Ondarroako Udala
33 ezkil, oro har, thriller bat dela nabarmendu du idazle azpeitiarrak, eta askorik aurreratu ez baldin badu ere, eleberriaren kakoa protagonistetako batek aitzurrean ari dela buruhezur batekin topo egiten duenean hasten dela iragarri du. “Osabari duela 20 urte antzeko zerbait gertatu zitzaion. Aranzadikoak etorri ziren, eta aurkitutako hezurrak Erdi Aroko gizon batenak zirela ondorioztatu zuten. Gertaera hark nobela beltz baten oinarriak bazituela iruditu zitzaidan, eta hortik abiatu nuen istorioa bera”.
Thriller motakoa bada ere, liburuak beste hainbat azpigai lantzen dituela ere gaineratu du Gorrotxategik. “Hildako zahar eta berriak, anaien arteko gorrotoak, belaunaldien arteko arrakalak, kaleko eta baserriko giroaren arteko gatazka, bikote ohien konpondu ezina, droga eta jokoa… eta tarteka, hilotzak eta hezurrak agertzen eta desagertzen dira. Misterioak, behintzat, badu bere lekua nobela osoan zehar”.
Miren Gorrotxategi ’33 ezkil’ lanagaz eskuan. Argazkia: Elkar
Liburua gaur ezagutara eman baldin bada ere, bihar [urriak 27] ere horren berri edukitzeko aukera egongo da Literatur amuak jardunaldian baitan, 19:00etatik aurrera Kofradia Zaharreko 2. solairuan egingo den aurkezpen ekitaldi eta ondorengo solasaldi berezian.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.