Herritar talde batek bultzatuta, Saharako errefuxatuen aldeko bilketa kanpaina berezia egingo da
azaroaren 1etik 18ra bitartean, Ondarroan. Turismo Bulegoan ipiniko duten kutxa batean, batez ere, botikak batuko dira.
Zehatz esateko, Ondarroako bost gaztez osatutako talde batek Tinduf-eko (Aljeria) Saharar iheslarien kanpalekura joateko asmoa du abenduaren 2tik 10era, Fronte Polisarioak Euskal Herrian duen ordezkaritzarekin batera. Baina errefuxatuen kanpalekura joan aurretik, herrian bilketa berezia egin nahi dute. “Umetaz euskal familia batera etortzen zen lagun batekin berba egiteko aukera izan dugu, eta haren arabera, oinarrizko botikak urgentziazkoak dira momentu honetan. Buruko min, tripako min edota
edozein minentzako sendagaiak han oso beharrezkoak direla nabarmendu digu”.
Botikez gain, herritarren
laguntasun guztia ere ongietorria izango dela gaineratu dute. Erabiltzen ez diren mugikor zaharrak edo arropa ere eramateko asmoa dute Tindufera eramango dituzten maletetan. “Gure helburua fakturatuta eraman ahal ditugu maleta guztiak laguntzaz beteta eramatea da. Hori bai, pertsona bakoitzak, gehienez, 30 kiloko maleta bana faktura dezakeela kontuan hartu beharko da”.
Honakoak dira gehien behar diren gauzak:
- Parazetamola
- Umeentzako ibuprofenoa
- Ibuprofenoa
- Idorreriarentzako botikak
- Asmarentzako botikak
- Omeoprazola
- Erredurentzako kremak
- Eskularruak, bendak…