2016ko Ondarearen Europako Jardunaldien baitan zesta-puntak eta puntistek mundu osoan eduki duten hedapenaz eta garrantziaz jabetzeko jarduera ezberdinak egongo dira zapatuan [urriak 29], Markina-Xemeinen.

Bizkaiko zesta-punta zirkuituko partida Markina-Xemeingo Uni frontoian.
Hasteko,
11:00etan,
hitzaldia egongo da
Migel Angel Bilbaoren eskutik. Zesta-puntaren ibilbidea ikertu, jarraitu eta liburuetan ere jaso du Bilbaok. Kirol horren jatorriak, nazioarteko hedapena eta zestalarien eta horien familien bizimodua azalduko ditu zapatuan, zestalariak hainbat herrialdetako estatu-kolpe, gerra eta iraultzen lekuko izan direla esate baterako.
Erakusketa
Hitzaldia amaitutakoan, zestalarien argazkien, materialen eta jantzien erakusketa zabalduko dute Pilotaren Unibertsitatea legez ezagutzen den herriko frontoi nagusian. Bost kontinenteetan sakabanaturik egon ziren frontoietako argazkiak, pilotari taldeenak, partidak eta puntisten bizimodua jasotzen duten irudiez jantziko dute frontoia. Horrez gain, pilotak eta zestak zelan egiten diren ikusteko aukera egongo da.
Muntaiaren prozesu
osoa azalduko dute, bertatik bertara, zesta eta pilota egileek, materialetatik hasi eta zestak eta pilotak eskuan eduki arte.
Amaitzeko, zesta-puntako
erakustaldia egongo da. Lehenengo, kiniela bat jokatuko dute 8 eta 9 urte bitarteko umeek, eta ondoren, nagusiak aterako dira kantxara, partida bat jokatzeko.