Lekeitiotik Bilbora doan autobus linearen iraupena murrizteko lanean hasi da Lekeitioko Udala
Zehatz esateko, Bizkaibusen 3512 linearen (Lekeitio-Iurreta-Bilbo) iraupena hobetu nahi du udalak. “Gaur egun ordu bat eta erdi irauten du bidaia horrek”. Horren aurrean, Lekeitioko Udalak iraupen hori murrizteko konpromisoa hartuta dauka. “Konpromiso hori bete nahi dugu, eta egungo zerbitzua hobetzeko, azterketa sakona egiten ari gara arlo horretan adituak direnekin”, azaldu dute.
Azterketa hori eginda, zerbitzu hori hobetzeko aukerak eta bideak planteatuko dituen txostena egingo dute. Hori, hain justu, urte amaierarako eginda egongo dela diote.
Txosten horretan zerbitzuaren iraupena murrizteko alternatiba ezberdinak jasoko dituzte. Eta horiek guztiak Bizkaiko Foru Aldundiari bideratu eta azalduko dizkietela gaineratu dute. “Udalak tinkotasunez jokatuko du, denbora murriztearen garrantzia azpimarratu. Izan ere, gaur egun dagoen zerbitzuaren iraupena gehiegizkoa da”.
Gainera, garraio publikoaren erabilera sustatzeko, denbora oinarrizko faktorea dela diote. “Lekeitiok daukan garraio publiko bakarra autobusa dela gogora araziko diogu aldundiari”.