Mutrikuko Udalaren laguntzarekin eta Talaixa Triatloi taldeak antolatuta, XIV. Herrikrosa egingo da zapatu [urriak 29] arratsaldean.
Kros Txikiarekin hasiko dute arratsaldea, 16:00etan.
Kirola sustatzeko asmoarekin, hain zuzen ere, bi lasterketa prestatu dituzte. LH 3. eta 4. mailako ikasleei zuzenduta, 600 metroko lasterketa prestatu dute, eta LH 5. eta 6. mailakoentzat, berriz, 1.200 metrokoa. “Umeentzako proba partzialki neutralizatua izango da, eta, bukaeran, parte hartzaile guztiek opari bana jasoko dute”.
Talaixa Triatloi Taldekoek, bestalde, parte hartzaileei proba hasi baino
15-20 minutu lehenago bertaratzeko deia egin diete. Bertan parte hartu nahi duenak,
mutrikukoeskolakirola@hotmail.com posta elektronikora idatzita edo herriko ikastetxeetan eman dezake izena.
Mutrikuko Herrikroseko parte hartzaileak Goiko Plazatik irtetzen. Argazkia: Alberto Gorritiberea
Gaztetxoek proba egin eta gero,
nagusien txanda izango da. Herri lasterketa Goiko Plazan hasiko da 17:00etan, eta parte hartzaileek Debaraino joan-etorria egingo dute kostaldeko errepidetik zehar. Zehatz esanda, 10 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute: Mutrikuko udaletxe aurretik irten eta Debako zubi zaharrean Casacampo deritzon eremuan zirkuitu bat egin ondoren, buelta egingo dute korrikalariek.
Parte hartzaile guztiei
opari bana emango zaie, eta horrez gain, lehen hiru sailkatuek txapela eta garaikurra jasotzeko aukera izango dute. Herriko lehen emakumezkoak eta gizonezkoak ere garaikur berezia jasoko dute.
Probak irauten duen tartean, lasterketaren zentzuan doan errepide zatia itxita egongo dela iragarri dute antolatzaileek
Kirol proban parte hartu nahi duten
16 urtetik gorakoek Herrikrosa atarian eman dezakete izena aurretiaz. Era berean, zapatuan bertan ere lasterketa izena emateko aukera ere egongo dela adierazi dute antolatzaileek. Proba hasi baino ordu erdi lehenago itxiko da izena emateko epea.
Zirkulazioan mozketak. Antolatzaileek iragarri dutenez, bestalde, probak irauten duen tartean, lasterketaren zentzuan doan errepide zatia itxita egongo da. “Ondarbeltz parean ere errepidean egiten ari diren lanak kontuan hartuta, 17:00etatik 17:45era bitartean, Galbaixoko bidea hartzea gomendatzen dugu”.
Era berean, Mutriku eta Deba artean dabiltzen autobusek ere atzerapenak eduki ditzaketela gogorarazi dute antolatzaileek. “Gure kalkuluen arabera, 30 eta 45 minutu inguruko atzerapenarekin ailegatu daitezke”.