Munitibarko Udal gobernuko ordezkariak udalerriko bizilagunekin batzartu dira hilabete honetan auzoz auzo, eta zapatu honetan [urriak 29] egingo dute azken batzarra.
Iaz egin moduan,
azken saioa udaletxean egingo dute aurten ere. 12:30ean ipini dute hitzordua, eta herriguneko biztanleak zein beste auzoetakoak daude gonbidatuta. Arkaitz Goikoetxea Munitibarko alkateren berbetan, batik bat Munitibarri
auzo moduan dagozkion gaien inguruan ariko dira. Hala ere, parte hartzearen arabera, baliteke aurreko batzarretako gairen batzuk azaltzea: “Herriguneko biztanleak bakarrik etorriz gero, bertoko gauzak landuko ditugu, baina, parte hartze zabalagoa badago aurretik berba egindakoak errepasatuko ditugu”.
Orain arteko
sei batzarren inguruko
balorazio ona egin du Munitibarko alkateak. Orokorrean iaz baino parte hartze handiagoa izan dutelako pozik daude.
Bideak eta larrialdietako ur puntuak. Besteak beste, saioetan udaletxean esku artean dituzten gaiak azaldu dizkiete herritarrei. Halaber, auzotarrek haien kezkak kontatu dizkiete. “Errepideen egoeraren inguruan galdetu, eta auzo batzuetan larrialdietarako ur puntuak falta direla esan digute”.
Alkatearen berbetan, iazko auzo batzarretan berba egindakoa errepasatu dute aurten ere auzotarrekin. Eta gauza batzuk egin edo konpondu direla jakitera eman du
Ur puntu horien inguruko
kezka iazko batzarretan ere agertu zieten, eta balorazio orokorra egin zuten orduan. 15.000 euro inguruko aurrekontua beharko zutela ikusi zuten, eta 2017rako uztea erabaki zutela azaldu du Goikoetxeak.
Munitibarko Aldaka auzoan iaz egindako auzo batzarra. Argazkia: Munitibarko Udala.
Hain zuzen ere, iazko auzo batzarretan berba egindakoa ere errepasatu dute auzotarrekin: “Gauza batzuk egin edo konpondu dira, eta beste batzuk oraindik ez. Baina, horiek zergatik egin ez diren azaldu zaie, guretzat garrantzitsua da hori azaltzea eta arrazoitzea”.
Hain zuzen ere, proposamenen bat baztertu duten kasuetan, zergatik baztertu den azaldu diete, eta oraindik egin barik daudenak ahal denean egiteko konpromisoa berretsi diete.
Iaz jende gehien batu zen auzoetan aurten “arrakasta gutxiago” izan dutela adierazi du Munitibarko alkateak. “Hala ere, jende asko etorri da batzarretara. Orokorrean, iaz baino jende gehiago batzea lortu dugu”.
Iaz biztanle gutxien batutako auzoetan, ostera, parte hartze handiagoa izan dute oraingoan: “Gerrikaitzen iaz jende gutxi egon zen, eta aurten dozena bat auzotar batu ziren. BerreƱon ere aurrekoan oso gutxi hurbildu ziren, eta oraingoan hamar bat lagun etorri dira”.
Mugarri, parte hartze prozesuaren aurkezpena. Bestalde, datorren eguaztenean [azaroak 2] Mugarri egitasmoa aurkeztuko dute udaletxean, 18:00etatik aurrera. Irisgarritasuna hobetzeko parte hartze prozesua izango da Mugarri, eta udal ordezkariek herriko eragile edota talde guztiak gonbidatu dituzte aurkezpenera.
Izan ere, Udalak urte amaiera bitartean mugikortasun plan bat prestatuko dute, eta horretarako herritarren iritziak eta proposamenak bilduko dituzte.
Batzarrean udalak proposatzen duen prozesua azalduko dute. “Learri enpresa publikoak idatziko du plana. Teknikoen irizpideen arabera prestatu dute txostena, eta herritarrek orain arte prestatutakoa zelan ikusten duten ezagutu nahi dugu”.
Era berean, parte hartze prozesu horren barruan eskolara ere heldu gura dutela esan du Goikoetxeak, eskola umeen zein haien irakasleen iritziak bertatik bertara jasotzeko.