Errautsak eta
Hamlet antzezlanak sortu ondoren, euskal teatroari hauspo berri bat emango diote
Artedrama (Bizkaia),
Le Petit Théâtre de Pain (Lapurdi) eta
Dejabu Panpin Laborategia (Gipuzkoa) antzerki taldeek. Hiruren artean muntatu duten
Francoren bilobari gutuna antzezlana estreinatuko dute gaur [urriak 31], 20:30ean, Luhusoko Harri Xuri gelan.
Ximun Fuchs-ek zuzenduko du Unai Iturriaga eta Igor Elortzak idatzitako lana, eta
Ander Lipus aktore markina-xemeindarragaz batera, Patricia Urrutia, Manex Fuchs, Zoila Berastegi, Urko R. Pescador, Pako Revueltas eta Erika Olaizola aterako dira oholtzara. “Iraun beharraren gaitzak jotako komunitate baten hezurren eta gezurren erradiografia traumatologikoa da Francoren bilobari gutuna”, esan dute.
Frankoren Bilobari Gutuna antzezpeneko irudia. Argazkia: franco.eus
Istorioa
ospitale zahar batean gertatuko dela aurreratu dute. “Ospitalea, Europako ospitale guztiak bezala, funtsean, kinka larrian da. Lan egoera txarrenean. Gaixoak noraezean ikusiko ditugu, inposibilitatearen ballet gozoan. Eta bakoitzaren bizitzan sakondu ahala, gutarikoen istorio txikiak margotzen hasiko gara. Historia, hizki handiz barik hurbileko istorioetatik kontatuko dugu”.
Francoren Bilobari Gutuna lana ahalik eta Euskal Herriko antzoki gehienetan emateko asmoa daukate.
Abenduaren 11n ailegatuko da Markina-Xemeinera, eta 2017ko
apirilaren 22an Aulestira.
Sinopsia. Iñakik hamar urte eta leuzemia ditu. Joxanek berrogeita sei urte eta gerra zibileko obus baten txatala buruan. Etorkizun bideragarririk ez duen ospitalean iragana eta oraina kateatzen dira Migel eta Kristina medikuen ametsetan. Itxarongeletan sekula agertzen ez diren pazienteen izen zerrendak entzuten dira ordena alfabetikoan eta Carmen Martinez-Bordiuk betetzen du bihotzeko aldizkari maiztuaren azala.