Berritxu danok einaz! lelopean egiten ari diren kanpainaren baitan, herritarren parte hartzea oinarri hartuta etorkizuneko Berriatua eraiki nahi du udalak.
Urriaren 22an egin zuten herritarren ekarpenak jasotzeko lehenengo ekintza. Eta orain, han izaterik eduki ez zuten herritarrek Internet bidez edo udaletxera joanda egin ahal dituzte ekarpenak.
“Herritarrek udaletxean eskatu ahal dituzte ariketa orriak, edo
udalaren webgunetik deskargatu“, azaldu dute udal ordezkariek. Behin ariketa orria beteta, posta elektronikoz bidali (
komunikazioa@berriatua.org) edo udaletxera eroan ahal dute.
Berriatuarrak, urriaren 22ko ekintzan parte hartzen, frontoian.
Urriaren 22ko ekintzaren balorazioa. Udalak jakitera eman duenez, urriaren 22ko ekintzan 52 herritarrek parte hartu zuten, eta 100 ekarpen baino gehiago egin zituzten. Ekintza horretan, parte hartzaileek herrian zer mantendu, sortu edo aldatuko luketen esan zuten. “Ariketa lan taldeetan banatuta egin genuen; zortziko taldeak osatu genituen”. Gainera, azaldu dutenez,
talde bakoitzak lau atal eduki zituen: hezkuntzak, kirola euskara eta kultura (1. atala), ongizatea, berdintasuna, kultur aniztasuna eta gazteria (2. atala), garapen ekonomikoa eta turismoa (3. atala), eta hirigintza, obrak eta ingurumena (4. atala). “Herritarrei eskerrak eman nahi dizkiegu, gure herria denon artean eraikitzeko erakutsitako prestutasunagatik”.
Hurrengo pausoak. Egindako ekarpen guztiekin 2015-2020 ekintza plana osatuko du udalak. Eta plan hori ondo betetzeko, hurrengo pausoak ondokoak izango direla jakitera eman dute: “
azaro bukaeran lan talde guztietako
aktak bidaliko dizkiegu parte hartzaileei.
Abenduan herriko elkarte, eragile eta komertzioei euren
ekarpenak egiteko aukera emango zaie, eta
urtarrilean jasotako ekarpen guztiekin
ekintza plana osatuko dugu eta txostena hori herri batzar batean
aurkeztuko dugu”. Batzar horretan, gainera, 2017ko aurrekontuak ere azalduko dituztela diote.
Dena dela, herritarrekin egingo diren ekintzak ez direla hor amaitzen diote. “
Azaroan auzo batzarrak egingo ditugu, datorren urtean inbertsioen eta politiken lehentasunak ezartzeko”. Horrez gain, parte hartze prozesuaren inguruan auzolana indartzeko eta ordenantza ezartzeko,
batzorde bat ere sortuko dute.