Bizkaiko Zaramillo herrian lehiatu den
Ultra-Trail Apuko Extrem mendi lasterketa irabazi du Arkaitz Galindez Aizkorreta
Markina-Xemeingo bizilagunak.
16:04:57 denbora egin zuen Galindezek hamar mendate zeharkatzen dituen 105 kilometroko proba gogorra amaitzeko.
«Espero ez zuen emaitza» lortu duela adierazi du kirolariak. Izan ere, 2013tik ultra mailako mendi lasterketetan parte hartu barik zegoen, eta proba amaitu eta ahal zuen gehien gozatzea zuen helburu.
Arkaitz Galindez Aizkorreta lehen saria hartzen.
Sentsazio onekin atera zela azaldu du Galindezek. Horrela,
aurreneko postuetan heldu zen lasterketaren erdira, eta Gueñesera heldu zenean, lehenengo zihoan abantaila handiagaz: 35 minutuko aldea ateratzen zion bigarrenari eta hirugarrenari ia ordubete. «Jende asko galdu egin zen», arrazoitu du. Baina, bera ere bidetik kanpo ibili zen 15 bat minutu. «Track-aren laguntzagaz berriz ere norabidea aurkitu nuenera arte».
Beherakadak. Horrelako lasterketa luzeetan ohikoak izaten diren momentu txarrak ere eduki zituen. Baina, krisiei buelta ematen jakin zuen. «75. eta 90. kilometroak oso gogorrak izan ziren, baina indarrak kudeatu eta gorputza errekuperatzea lortu nuen». Gainera, ordurako abantaila handia zeraman, eta ezin izan zuten harrapatu.
Arkaitz Galindez Aizkorreta, bidean.
Hilabeteko atsedena hartuta, datorren urtera begira
prestatzen hasiko dela aitatu du Galindezek. “Apuko Extrem egin aurretik erabakita neukan berriro ere ultra mailako mendi lasterketetara itzultzea, eta orain motibazioa handiagoa da”. Hala ere, helburuak argi ditu: “gozatzea eta Hego Euskal Herriko lau hiriburak lotuko dituen Basque Ultra Trail Series zirkuitua amaitzea”.