Edriga Aranburu lekeitiarra, Bizkaiko Arraun Federakuntzako presidente berria
Orain arte Bizkaiko Arraun Federakuntzako idazkaria izan den Edriga Aranburuk zuzenduko du hemendik aurrera Bizkaiko Arraun Federakuntza. Zuzendaritza batzordearen buruan egon den Borja Rodrigo ordezkatuko du lekeitiarrak.
Lau urtero egiten diren Bizkaiko Arraun Federakuntzaren hauteskundeetara hautagai berririk aurkeztu ez dela ikusita, Aranburuk eta beragaz batera azken sei urteetan lanean aritu diren bost kideek erakundearen buruan jarraitzea erabaki dute. Talde berdinak jarraituko du, baina kargu aldaketekin. Izan ere, Borja Rodrigok presidente modura sei urte egin ondoren, aldaketarako garaia zela ikusten zuen, eta guztien adostasunagaz lekeitiarraren hautagaitza aurkeztea erabaki dute.
Urriaren 21ean amaitu zen hautagaiak aurkezteko epea eta ez dute kontrako iritzirik eduki. Beraz, Lekeitioko Isuntza Arraun Elkarteko zuzendaritza batzordeko kideak eramango du hurrengo lau urteetan Bizkaiko Arraun Federakuntzaren lema.