Hedabideen alorrean elkarlanean euskararen erabileraren normalizazio lanak bideratzeko asmoz, erakunde publikoak eta eskualdeko komunikabideak
lau urteko akordioa adostu dute.
Hitzarmenean, bi aldeen arteko lankidetza zehazteagaz batera, Munitibarko udalak HITZA proiektua diruz laguntzeko egingo duen ekarpena ere jasotzen da; urtero 1.400 euroko diru laguntza adostu dute, eta hurrengo hiru urteetan KPIaren araberako igoera izango du.
Bai Munitibarko Udalak eta baita ere HITZAk
euskara biziberritzea eta berreskuratzea dute helburu, eta herritarren euskarazko informazio bideak eraiki eta indartzea ezinbestekoa dela uste dute.
Munitibarko Udalaren edota herrian sortzen den informazio jarioa sistematikoki trukatzeko neurriak hartzeko konpromisoa hartu dute bi aldeek
Izan ere, euskalgintzan diharduten beste eragile askok legez, euskararen normalizazioa lortzeko bidean ekarpen esanguratsua egitea da HITZA osatzen duen komunikabide sarearen helburu nagusia. Horretarako, proiektuak eskualdean sortzen den informazioa kudeatu eta komunikatzen du,
euskaratik eta euskaraz.
Larraitz Ibaibarriaga egunkariaren zuzendaria, Ama Lur Bedialauneta HITZA proiektuaren kudeatzailea, eta Arkaitz Goikoetxea Munitibarko alkatea, hitzarmena sinatzen.
Halaber, hitzarmenean jasotzen denez, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko komunikabideak eskualde osoan
egiten duen lanari behar bezalako aitortza egitea beharrezkoa dela dio udalak. Horregaz batera, haren jarduna ziurtatzeko eta sendotzeko Munitibarko Udalaren eta HITZAren arteko lankidetza jardunean sakontzearen garrantzia nabarmentzen da hitzarmenean.
Bestalde, informazioaren kudeaketa ere jaso dute akordioan. Udalak sortutako zein herrian sortzen den informazio jarioa sistematikoki trukatzeko neurriak hartzeko konpromisoa hartu dute.
Lau urteko hitzarmena indarrean den bitartean, Munitibarko Udalaren eta HITZAren ordezkariek osaturiko
lan taldea urtero batzartuko da. Horrela, hitzartutakoaren jarraipena egin, eta bi aldeek hartutako konpromisoak bete dituzten ala ez aztertuko dute; adostutakoa objektibotasun, pluraltasun eta egokitasunez betetzen ari diren ikusiko dute.