Euskaltzaindiaren Zuzendaritzak beste lau urtez jarraitzeko Hizkuntza Akademiaren osoko bilkuraren konfiantza jaso du Bilbon eginiko batzarrean, eta euskaltzainek Andres Urrutia berretsi dute euskaltzainburu arduran. Ondarrutarra 2004tik dago karguan, eta 2020ra arte behintzat jarraituko du karguan.
Azken agintaldian bidelagun izan dituen euskaltzainek ere zuzendaritza taldean jarraituko dute: Xarles Bidegain (buruordea), Xabier Kintana (idazkaria), Sagradio Aleman (diruzaina), Adolfo Arejita (Iker sailburua) eta Jean-Baptiste Coyos (Jagon sailburua).
Andres Urrutia, Ondarroan egindako hitzaldi batean
Euskaltzaindiak adierazi duenez, orain arte indarrean egon den Plan Estrategikoa ebaluatzea eta Plan Estrategiko berria izango da taldearen lehen egitekoa. Era berean, Akademiak egiten dituen lan eta ikerkuntza proiektuak jendarteratzea, elkarte erakundeen arteko harremanak indartzea era erabiltzaileen beharrei eraginkortasunez erantzutea izango dira 2017-2020 aldirako lehentasunak.
Urrutiak nabarmendu duenez, Akademiaren ateak jenderte guztiari zabaltzea da euren nahia. “Akademia modernoa eta hurbila behar du euskarak, eta horiek dira gure etorkizuneko asmoak: erabiltzailearengandik gertu egon, Akademiaren etxeko ateak jendarte guztiari zabaldu eta gure zerbitzu bokazioa areagotu, zorrotz jokatuz”.