Arrain gutxi ari direla harrapatzen kontuan hartuta, egunotan euskal kostaldean arrantzan ibili diren baxurako ontzi askok Asturias aldera antxoatara joatea erabaki dute. “Atzo [azaroa 2] antxoa ale batzuk harrapatu zituzten Asturias inguruan, eta hemen arrain askorik ez dagoela ikusita, asko hara joan dira”, azaldu dute Ondarroako Kalare Deuna kofradiako arduradunek.
Euskal kostaldean geratzea erabaki dute ontziek, bestalde, txitxarro baltza, sardina, betandia eta estorninoa porturatu dituzte, baina kopuru aldetik, aurreko astean baino
gutxiago harrapatu dute.
Baxurako ontzi bat, gaur goizean, txitxarro baltza deskargatzen
Datuak kontuan hartuta,
nahikoa txitxarro baltz harrapatu dute. Gehiena, txilinbaltza izan denez, oso merke saldu da arraina. Arrantzatu dituzten txitxarro baltz ale handiagoak, berriz, nahikoa garestiago saldu dira.
Sardinari dagokionez, berriz, tamaina txikiko aleak –parrotxak– arrantzatu dituzte asteon. Kofradiako arduradunek nabarmendu dutenez, tamaina handiko aleak arrantzatu nahian dabiltza baxurako arrantzaleak. “Gaur [azaroak 3], adibidez, Arcachon (Frantzia) pareraraino joan dira sardina nahian, baina parrotxa arrantzatu dute bakarrik”.
Asteko salmenta:
- MARTITZENA [azaroak 1]
- Txitxarro baltza. 69.000 kilo; 68 zentimo, bataz beste.
- Sardina. 12.600 kilo; 1,31 euro, bataz beste.
- Betandia. 42.700 kilo; 84 zentimo, bataz beste.
- EGUAZTENA [azaroak 2]
- Txitxarro baltza. 80.000 kilo; 60 zentimo, bataz beste.
- Sardina. 18.000 kilo; 1,34 euro, bataz beste.
- Estorninoa. 18.700 kilo; 86 zentimo, bataz beste.
- Lantzoia. 4.100 kilo; 25 zentimo, bataz beste.
- Txitxarro zuria. 1.400 kilo; 2,21 euro, bataz beste.