Bihartik domekara [azaroak 4tik 6ra] zaldi nagusien probak lehiatuko dituzte, eta astelehenean eta martitzenean [azaroak 7 eta 8], ostera, Kintxopekoen txanda izango da.
Biharko lehenengo saioan, Aulestiko
Koba, Mañuko Erauskin eta Itziarko Etxeberri lehiatuko dira; ordu erdian markarik onena lortzen saiatuko dira. Saio hori 22:00etan hasiko da. Zapatuko [azaroak 5] proba ere ordu berean izango da. Mungiako Goieta tabernako kideak, Berangoko Goitiak eta Aulestiko Jose Luis Idoetak burutuko dute saioa.
Bestalde, domekan [azaroak 6] bertaratzen direnek, 18:00etan hasita hiru probalari hauen arteko lehiaz gozatuko dute: Markina-Xemeingo Patxua tabernako ordezkaria, Lopez laudiotarra, eta Errotatzu.
Kintxopekoak. Kintxopeko zaldi probari dagokionez, sei probalarik lehiatuko dute txapelketa. 21:00etan hasiko dira Asteleheneko zein martitzeneko saioak.
Lehen egunean Mañuko Irati Erauskin, Mungiako Xabier Landaluze eta Laukizko Totxi ariko dira markarik onenaren bila. Biharamuneko deman, berriz, Guriezoko Fermin Santamariak, Orioko Imanol Etxeberriak eta Gamizko Construcciones Torrontegiko ordezkariak parte hartuko dute.
Baldintzak. 800 kiloko Etxebarriko harriagaz lehiatuko dituzte probak, eta 50 kiloko txapa izango dute. Abereen oinarrizko pisuari dagokionez, 400 kilotan sartu behar direla zehaztu dute antolatzaileek, eta hortik gorako kilo bakoitzeko kilo bateko gainkarga izango dute. Hain zuzen ere, saioak hasi baino ordubete lehenago pisatuko dituzte zaldiak.
SARIAK (bi txapelketenak):
- 800 euro, mantak eta txapelak.
- 700 euro.
- 600 euro.
- 550 euro.
- 450 euro.
- 400 euro.
Oharra: Saririk jasotzen ez dutenek 300 euroko dieta jaso ahal izateko txapeldunaren markaren %70 egin beharko dute.