Aurretik lehenengo urratsak ematen hasita baldin bazegoen ere, 1966ko abenduaren 20an eratu zen legalki Ondarroako Kresala Kultur Elkartea, legalizatzeko beharretan hiru urte luze eman ondoren.
Eta urteurren berezia ospatze aldera, egitarau zabala antolatu du Kresalak.
Azaroaren 13ra bitartean, erakusketa, hitzaldia, liburu eta DVDaren aurkezpena, jaialdia, bertso saioa… eta beste hainbat ekitaldi egingo dituzte.
Tartean,
elkartearen izatea eta ibilbidea jasotzen dituen
Kresalak 50 urte erakusketa prestatu dute. Atzo [azaroak 2] inauguratu zuten eraskusketa, eta bertan askotariko materiala dago ikusgai. Besteak beste, danborradako kapak eta eramandako itsasgarrien bilduma, argazki zaharrak, bandako kideen jantziak, kortxeleko mamuen jantziak eta osagarriak, prentsan argitaratuko hainbat kontu, dantzarien jantziak, inauterietako pertsonaiak… eta beste hainbat material ere ikusgai egongo da.
Kresala Kultur Elkarteko kideak 50. urteurreneko ekitaldiak aurkezten, udal erakusketa aretoan
Ikusgai dagoen materialagaz gain,
ikus-entzunezkoak ere badu bere tartea. “Liburua osatzeko herritarrek utzi dizkiguten ehunka argazki batu ditugu, eta horien aukeraketa bat ere bertan proiektatuko dugu, prestatu dugun dokumentalagaz batera. Urte hauetan guztietan material gehiago ere jaso dugu, eta tartean-tartean, horiek ere proiektatzen joango gara”.
Sorta berezia. Gaur [azaroak 3] iluntzean, ostera,
Azken 50 urteetan euskararen eta euskal kulturaren bilakaera Euskal Herrian hitzaldia eskainiko du Xabier Amurizak, Kofradia Zaharreko 3. solairuan.
Bihar [azaroak 4], berriz, 50. urteurrenerako propio prestatutako
liburua eta DVDaren aurkezpen ekitaldia egingo dute udal erakusketa aretoan. “Kresalaren izatea eta bilakera jaso ditugu bertan. Horrekin batera, azken 50 urteotako Ondarroaren izatea dokumental baten bitartez ere irudikatzen saiatu gara”.
1971an Beikozinin egindako musika emanaldi bat. Argazkia: Kresalako liburua
200 bat orrialde dituen liburuan elkartearen ibilbidea jaso dute era laburtu batean. Sorta berean, gainera, hainbat testigantza jaso dituzte, 29 minutuko dokumentalean. “Imanol Oruemazaga Kresalari buruzko materiala batzen hasia zen, eta oso ondo etorri zaigu. Taldea zelan osatu eta legalizatu zen, esate baterako, Oruemazagak zuen jasota bai idatziz, eta bai irudi aldetik ere. Bilduma ederra zuen eginda, eta lan horri jarraipena eman diogu”.
Sortari dagokionez, erakusketa zabalik dagoen egunetan liburua eta DVDa bertan erosi ahal izango dute herritarrek, 20 euroren truke.
Jaialdia 19:00etan hasiko baldin bada ere, aurretik herria girotzen ibiliko dira Kresalakoak. 18:00etan hasita, gaiteroek, bandako musikariek, txistulariek eta dantzariek kalejira egingo dute
Urteurrenagaz lotutako ospakizun nagusia, aldiz, etzi [azaroak 5] iluntzean egingo dute Zaldupe kiroldegian. 50. urteurrena ospatzeko
ezustekoz betetako jaialdia prestatu dute Kresalakoek. Askorik aurreratu ez baldin badute ere, garai bateko bandako kideak eta dantzariak batuko dituzte oholtza gainean.
Jaialdia 19:00etan hasiko baldin bada ere, aurretik herria girotzen ibiliko direla aurreratu dute. 18:00etan, Artabideko egoitza nagusitik kalejiran irtengo dute gaiteroek, bandako musikariek, txistulariek eta dantzariek. Kalez kale giroa berotzen ibiliko dira, eta Zaldupera ailegatu aurretik, hiru geldialdi egingo dituzte. Alamedan, Alde Zaharrean eta Zaldupe inguruan dantza saio bana eskaintzeko asmoa dute.
50. urteurrenaren ospakizunekin amaitzeko Santi ipuin kontalariaren saioaz gozatzeko aukera ekarriko dute datorren astean. Azaroaren 13an, berriz, bertso saio berezia egingo dute erakusketa aretoan.
Kresalaren 50.urteurrena, egitaraua