Berriatuko Udalak antolatuta, Azaro Fest jaia egingo da gaur [azaroak 4] Berriatuko Txapelean. Aurreko urteetan egin modura, sanmartinak ospatzen lehenengotarikoak izango dira berriatuarrak. Aurten ere garagardo festa egingo da jaialdiaren barruan, Boga kooperatibaren eskutik; herritarrek bi garagardo mota dastatzeko aukera edukiko dute.
18:30ak aldera hasiko da jaia. Txartelak erosita, herritarrek txarrikiak jan eta Boga markako garagardoa edan ahalko dute.
Gainera, Berriatuko Udalak aurreratu duenez, jaia musikagaz girotuta egongo da.
Beraz, jan-edanagaz, beste behin ere jai usaina izango da nagusi Berriatuko Txapelean bai eta inguruan ere. Eta herritarrei jaian parte hartzeko gonbitea egin die udalak.
Iaz, gainera, Boga kooperatibako kideek kooperatiba nola sortu zuten azaltzeko mahai ingurua egin zuten. Eta jaia ostean egin zen.
Boga ezagutzen. Ekonomia sozialean saretutako proiektua da Boga. Eta Koop57 finantza erakundea eta 100 herritar, tabernari, elkarte eta konpartsa baino gehiagoren babes ekonomikoarekin jaio zen 2014. urtean. «Industria handiek asetzen ez duten beharrizanei erantzuten diegu produktu bereizgarriak eskainiz. Aldi berean, garapen teknologiko iraunkorra bultzatzen dugu», diote Bogako kideek.
Ondarroako Antiguako Ama elkarteko kideak, urriaren 27an, Boga kooperatibaren lantegia ezagutzen.
Halaber, elikadura burujabetza oinarritzat hartuz, ekoizpen katea zaindu nahi dutela diote. «Inguruan aurkitzen diren lehengaiak lehenesten ditugu, eta bide horretatik, hurbileko ekonomia indartzea lortzen dugu».
Ingurugiroa eta osasuna zaintzen duen produktu jasangarriak ekoizten dituztela diote, pasteurizazio gabe egindakoak eta garagardoaren kalitatea gutxitu dezaketen inolako gehigarririk gabe.
Bi urtetan, kooperatibak 225 salmenta puntu lortu ditu eta 49.999 litro garagardo saldu ditu.