Zaborren tasak nabarmen igoko direla ohartarazi du Mutrikuko EH Bilduk
Zaborren tasak Mutrikun nabarmen garestituko direla ohartarazi du EH Bilduk. Azken osoko bilkuran adostutakoaren arabera, %13ko igoera izango du zaborren tasak.
Koalizio abertzaleak nabarmendu duenez, tasen hainbesteko igoerarekin ez datoz bat. “Igoeraren arrazoiak, besteak beste, zaborrak biltzeko sistema berriak eskatzen dituen inbertsioak egitea, langileen soldaten igoera ordaintzea eta gipuzkoarrok sortzen ditugun zaborrak Kantabriara eraman behar izatea lirateke”.
EH Bildukoek azpimarratu dutenez, tasak igotzeko lehen bi arrazoiak onargarriak dira, baina zaborrak Kantabriara eramateagatik horrenbeste ordaindu beharraz ez daude ados. “Gehiago birziklatuko balitz, ez genuke hainbeste ordaindu beharrik izango. Eta hau hasiera baino ez da. Erraustegia martxan jartzen denean, auskalo zenbat ordaindu beharko den”.
Proposamena. Osoko bilkuran, gainera, tasak bi urtetan –zati bat 2017an eta bestea 2018an– ordaintzeko proposamena luzatu zieten EAJ eta Berdeak+Independenteak taldeei, baina EAJren ezetzak eta Berdeen abstentzioak atzera bota zuen EH Bilduren proposamena. “Hainbat herritarren egoera ekonomiko larria jarri genuen mahai gainean, baina ezetz, udalaren egoera lehenetsi zen”.