Erraustegiaren aurkako mozioa onartu du Mutrikuko Udalak
Aldeko 7 boto (EH Bildu eta B+I) eta kontrako 6 botorekin (EAJ) Erraustegiaren aurkako mozioa onartu zuten Mutrikun, aurreko asteko osoko bilkuran. Zaborren kudeaketa eta erraustegia mozioa, hain zuzen ere, Berdeak + Independenteak koalizioak proposatu zuen.
Mutrikuko B+I koalizioaren iritziz, Mutrikuko herriak bere hondakinak errausteari utzi, eta beste kuadeaketa alternatibo baten alde egin beharko luke. “Dakigunez, Gipuzkoako Zabor Kudeaketa Plan Orokorraren arabera, enpresa pribatuez osoturiko talde bati esleitu behar zaio errauste planta baten eraiketa eta kudeaketa, eta horren truke, hurrengo 25-30 urterako Gipuzkoako udalerriok birziklatzen ez ditugun hondakinak erraustegira bideratzeko konpomisoa hartu beharra dugu”.
Koalizio ekologistaren iritziz, errauste planta bat eraikitzeak ingurumenean eta osasunean ondorioak ekarri ditzake. Zaborren kudeaketa udalaren eskumena dela kontuan izanda, mozioak hondakinak bideratzeko konpromiso hori ez hartzeko eskatu zuen, eta tekniko posible den neurrian, beste irtenbide batzuk bilatu hondakinak kudeatu, erraustu ordez.
Era berean, osoko bilkuran hartutako erabakia Gipuzkoako Foru Aldundiari eta erraustegiaren esleipenera aurkeztutako enpresei helaraziko ziela agertu zuten B+I taldekoek.