Frontoian egin diote harrera ziortza-bolibartarrek zein eskualdeko hainbat herritarrek. Ikurrin artean igo da agertokira Lariz, gurasoak ondoan zeuzkala. Ekitaldian
espetxe politika aldatzeko eskatu dute, gaixorik dauden presoen egoeragaz amaitzeko premia gogora ekarriz eta sakabanaketak eragiten duen sufrimendua eta errepidean bizitza galdu duten senideak gogoratuz.

Opariak eman dizkiote herriko eta eskualdeko talde eta elkarteek
Aurreskua eskaini, eta ondoren, opariak eman dizkiote herriko zein eskualdeko hainbat talde eta elkartek. Hunkituta agertu da Lariz, eta horrelaxe adierazi du hitza hartu duenean. “Lehenengo eta behin, esan, hunkituta nagoela zuok danok hemen ikusita. Eta hori esanda, nire lehen akordua gaur atxilotu duten Mikelentzat”.
Herritik kanpo egon den zazpi urteetan Euskal Herriaren eta Ziortza-Bolibarren alde lan egin dutenak eta ezker abertzale berri baten eta aliantza independentista berri baten alde jardunean aritu direnak gogoratu nahi izan ditu. Horrez gain,
herrigintzaren garrantzia azpimarratu du, eta Sorturen eztabaida saioetan parte hartzera animatu ditu frontoian bildutakoak. Amaitzeko,
Harrera elkartearen balioa eta lana goraipatu ditu, eta horretarako “denen laguntza” beharrezkoa dela esan du.