Aurrerak banakoa lortu du Durangoren aurka
Aurreraren nagusien taldeak puntu bat lortu zuen zapatuan [azaroak 5]; Joseba Plazaren mutilek bana berdindu zuten Tabiran, Durangoren aurka.
Talde ondarrutarrak ondo hasi zuen neurketa. Zelairatu eta hiru minutura etorri zen, hain zuzen ere, Aurrerakoen lehen gola; Aitor Bengoetxeak egin zuen 0-1ekoa. Banakoa, berriz, partida ia bukatzear zela ailegatu zen. Durangarrek 85. minutuan sartu zuten gola.
Zapatuan lortutako puntuari esker, 14. postuan daga Aurrera. Talde ondarrutarrak Balmasedaren aurka jokatuko du zapatuan [azaroak 12], 16:30ean, Zaldupen.
Etxebarriaren debuta. Aurrerak jakitera eman duenez, gainera, Julen Etxebarriak nagusien taldeagaz debutatu zuen zapatuan. Berriatuko futbol taldeko jokalariak, hain zuzen ere, Durangoren aurkako azken minutuak jokatu zituen Aurrerako kamisetagaz. “Aurrerako nagusien taldearekin jokatzen duen Berriatuko laugarren jokalaria da Etxebarria, bi taldeek duten elkarlan eta harreman onaren seinale”.
Bestalde, kadete mailako hiru jokalari deitu ditu Bizkaiko Futbol Federakuntzak Bizkaiko Selekzioagaz etzi [azaroak 9] entrenamendu bat egiteko. Zehatz esanda, Kepa Arizmendi hautatzaileak 32 futbolariz osatutako zerrenda barruan sartu ditu Aritz Badiola, Ander Laka eta Xanet Retolaza, Aurrerako kadeteen lehentasun mailako jokalariak.