Lekeitioko Santo Tomas azokan parte hartzeko aukera, zabalik
Lekeitioko Udalak, Lea-Artibai Landa garapenerako Elkartearen laguntzagaz antolatuta, Santo Tomas Azoka ospatuko da datorren abenduaren 21ean, Lekeition. Urtero bezala, ohiko azokaz gain, eskualdeko etxe-abereen erakusketa egongo da ikusgai.
Lekeitioko azokaren helburu nagusia Lea-Artibai eskualdeko lehen arloko nekazaritzako eta abeltzaintzako ekoizleen lana sustatzea eta, aldi berean, haien produktuen kontsumoa bultzatzea da. Horrela, era askotako produktuak ikusi eta erosteko aukera eskaintzen du azokak, hala nola hestebeteak, ortuariak, fruta, txakolina, behi, ardi eta ahuntz esnearen eratorriak, eztia, ahatekiak, baserriko ogia eta euskal pastela, okela, kontserba ekologikoak bai eta lore idorrak ere. “Produktu freskoak eta sortu berriak egongo dira, kasu askotan artisautzako prozesuen bidez ekoizten direnak, eta saltzailea zuzenean ekoizten duen pertsona bera izango da”, azaldu dute antolatzaileek.
Izen emotea. Aurten, Landa garapenerako elkartea arduratuko da postuak jartzeko eskaerak kudeatu eta bideratzeaz. Horrela, azokan parte hartzeko eskaerak Lea-Artibai Landa Garapenerako egoitzan bertan, telefonoz 94- 620 36 11 zenbakira deituta, edo leaartibai@leaartibai.org helbide elektronikora idatzita egin daitezke, azaroaren 25a baino lehen.
“Azokaren eremu mugatuagatik, baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiak jaso ostean, udalak, Lea-Artibai Landa Garapenerako Elkartearen laguntzaz, aukeratuko ditu azokaren esparruan erakusketa eta salmenta postua izango duten ekoizleak”.