Zabor tasak %13ko igoera edukiko du Mutrikun. Baina EH Bilduko kideek jakitera eman dute “hainbesteko igoerarekin”
ez datozela bat. Orain,
Mutrikuko EAJ-k koalizioko kideei erantzun eta
herritarrei argibide batzuk eman nahi izan dizkie: “Igoera hau bi urtetako igoeren batuketa da (2016-2017). Iaz Mutrikun ez genuen Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa Partzuergoak (GHK) ezarritako igoera egin; udalak bere gain hartu zuen kostua”.
Tasaren %13ko igoera onartu zen azken osoko bilkuran (urriak 27), eta alderdi guztiek 2017ko igoeraren alde bozkatu zutela argitu dute jeltzaleek: “EH Bildu bera ere bai”. 2017ko igoera hori Debabarreneko Mankomunitateak proposatutakoa dela azaldu dute: “Langileen soldata igoerak, inbertsioak, zabor bilketarako hobekuntzak egiteko…”.
EH Bildu aldundian egon zenean, zabortegiak itxi eta Gipuzkoa aukerarik eskaini gabe utzi zutela diote jeltzaleek. “Horren ondorio da zaborrak Kantabriara eraman behar izatea”
Jeltzaleek jakitera eman dutenez,
eztabaida 2016ko igoerak sortu zuen. “Igoera hori GHK-k ezartzen du. Eta Partzuergoa Gipuzkoako herri eta mankomunitate guztiok osatzen dugu. Ez da enpresa pribatu bat”. Zaborrak Kantabriako (Espainia) Merueloko zabortegira eraman beharrak garraioan gainkostu handia suposatzen duela azaldu dute jeltzaleek. “Dena dela, egoera hau beste urte batez bakarrik luzatuko da; aldundia eta GHK arazo horri behin betiko irtenbidea emateko lanean ari dira”.
Arazo hori, hain justu,
EH Bilduk aldundian egon zenean
eramandako politikaren ondorio dela dio EAJ-k. “Gipuzkoako Batzar Nagusietan gehiengo handiaren babesa zuen zaborren kudeaketa plana atzera bota zuten; zabortegiak itxi eta aukerarik eskaini gabe utzi zuten Gipuzkoa. Horrez gain,
eraikuntza enpresa handiei hamaika milioi euro ordaindu zieten ezer ez egiteagatik”.
Gainera, Mutrikuko EH Bildu zabor tasaren igoeraren kontra egiten ari den bitartean, Gipuzkoan agintzen dauden herrietan %21-%30eko igoerak onartu dituztela diote jeltzaleek. “Getarian (%30) eta Errenterian (%21), esaterako”.
Hondartzetako zaborra. Udalbatzan, gainera, hondartzetako zakarren gaia ere eztabaidatu zutela esan du Mutrikuko EAJ-k. “2016ko aurrekontuetan aurrikusitako diru partida txiki geratu da eta diru gehiago bideratzeko, aurrekontuetan aldaketa bat onartu genuen Berdeak+Independenteen baietzarekin”. Azaldu dutenez, Gipuzkoako hondartza guztiak aldundiak garbitzen ditu, baina hondakinak zabortegira eramatea udalek ordaintzen dute. “Guk Azpeitiko Lapatxera eramaten ditugu. Eta EH Bilduk kontrakoa badio ere,
Lapatx ez da enpresa pribatu bat. S.A. bada ere, Urola erdiko udalen mankomunitatearena da (gehiena EH Bilduk gidatzen duen Azpeitiko Udalarena”.
Aurreko legealdian, Mutrikuko EH Bilduk hondartzetako zaborrak Ondabarron inolako kotrolik gabe erretzen zituela diote jeltzaleek. “Gu ez gaude prest hori egiteko”
Mutrikuko hiru hondartza baditu ere, Deba ibaiak
Ondarbeltzen uzten duen zabor kopuru handiak kostua igotzen duela diote. “Aldundiarekin harremanetan gaude udalari kostu hau murrizteko”. Dena dela, aurreko udal agintaldian EH Bilduk egiten zuena kritikatu dute jeltzaleek. “EH Bilduk erabaki zuen zamarrak batu, Ondabarron pilatu eta inolako kontrolik gabe erretzea, ingurua are gehiago kutsatuz. Gu ez gaude prest Ondabarro hondartzetatik jasotako hondakinak pilatzeko eta su emateko gune bihurtzeko”.
[LOTUTAKO ALBISTEA] Mutrikuko EH Bilduk egindako saleketa