Tetxu Meabe Derteano lekeitiarra Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dute astelehenean [azaroak 14], Jabi Goitia Kabi-ren heriotzaren urtemuga ekitaldia antolatzea leporatuta. Epaiketa hau ere jazarpen politikaren beste kapitulo bat dela salatu du lekeitiarrak.
Meabek azaldu duenez, 2015eko urriaren 25ean Kabi-ren urteurreneko
plaka eraman zuen Ertzaintzak, Barandiaran aretoaren ondoan dagoen haren omenezko monolitotik, eta bertan bere hatz markak agertzen omen direla jakinarazi zioten. Hori dela eta,
epaitegira joateko deitu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta ekainaren 8an, Gernika-Lumoko epaitegian deklaratu zuen bideokonferentzia bidez.
Barandiaran aretoaren ondoan dagoen monolitoa.
Deklarazioa eginda, fiskalak eskaerarik egingo duen edo kasua artxibatu edo bertan behera geratuko zen jakiteko zain egon da Meabe, eta azkenean ekitaldia antolatu eta “terrorismoari gorazarre” egitea egotzi diote. “Ez nintzen ekitaldian egon eta ez ninduen inork identifikatu”, dio. Baina, kasu honetan ere, “Euskal Herrian ireki den garai berrian konponbidearen alde urratsak ematearen bideari barik konfliktuari eutsi nahi diotenen jarrera” garbi ikusten dela esan du, eta Espainiako Gobernua eta haren mende jarraitu nahi duen Ertzaintzaren zati bat aitatu ditu.
E
statu demokratiko batean, gainera, oroimen ekitaldiak egitea, berez, ez dela delitua izan behar adierazi du. “Oroimena ez da delitua. Egi ezberdinak mahaiaren gainean jarri behar dira eta kontuan eduki behar da sufrimendua alde guztietatik egon dela. Gatazka politikoan hildako guztien senide, lagun zein kideen oroimena errespetuz hartu beharreko ariketa da. Herri honek etorkizuneko bizikidetza nahi badu eraiki, memoria inklusibo baten inguruan egin beharko du, bakoitzaren bizipenak, bakoitzaren egia eta bakoitzaren oroimena errespetatuz”.
Tetxu Meabe lekeitiarrari babesa erakusteko Lekeitioko Eskolapean egindako elkarretaratzea.
Elkarretaratzea. 18 hilabeteko espetxe zigorra, isuna eta administrazio publikoan lan egiteko 10 urtetako gaitasungabetzea eskatzen dizkio epaileak Tetxu Meabe Derteanori. Horren aurrean, lekeitiarrari babes eta elkartasun osoa adierazi eta Oroimena ez dela delitua aldarrikatzeko, elkarretaratzea egingo da zapatuan [urriak 12], 19:00etan, Lekeitioko Eskolapean.
Horrez gain, epaitegiraino ere eraman nahi dute elkartasuna lekeitiarrek. Hori dela eta, azaroaren 14an, 04:00etan,
autobusa egongo da Madrilera joateko, eta nahi dutenek, oraindik izena emateko aukera zabalik daukate Galarrenan.