Beharra daukat egitasmoa aurkeztu dute Mutrikun, hesteetako osasun arazoak dituztenei laguntzeko

ACCU Gipuzkoa elkarteko hainbat kide Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkatea Beharra daukat egitasmoa aurkezten
Proiektua ez da mugatzen hesteetako osasun arazoak dituen kideei; komun baten beharra duten guztiei dago zuzendutaDuela hilabete batzuk antzeko proiektu baten berri eduki zuten elkarteko kideek, eta hala, Beharra daukat egitasmoa sortzea erabaki zuten. “Gaixo gaudenok momentu puntual batean komun baten beharra izaten dugu. Behar hori ikusita, eta gaur egun komun publikoak aurkitzea nahikoa zaila dela jakinda, proiektu hau bultzatzea erabaki genuen. Proiektu honi esker, beharra daukagun momentuan arazoari irtenbide bat emateko aukera dugu”. Nabarmendu dutenez, proiektua ez da mugatzen hesteetako osasun arazoak dituzten ACCUren kideei, ezta ere gaixotasun inflamatorioa dutenei ere; baizik eta komun baten beharra duten guztiei dago zuzenduta. Proiektua maiatzean abiatu zuten Donostia mailan, eta harrez geroztik, gero eta gehiago dira bat egin duten elkarte, norbanako eta erakundeak. Proiektuak oso erantzun ona jaso du, eta Mutrikuko Udala, esaterako, proiektura gehitu den hirugarren udala izan da, Donostiaren eta Andoainen atzetik. Elkarteko kideek adierazi dutenez, proiektua martxan ipini zenez geroztik 50 bat txartel banatu dira herritarren artean, eta berau eskatzea erraza dela azaldu dute. “Gaixoak sendagilearengana jo behar du, eta medikuak, bere gaixotasuna tarteko, komun baten beharra duela ziurtatu beharko du. Ziurtagiri hori elkartera ekarri ondoren, txartela luzatuko diogu. Txartel horri esker, atxikitutako tokietan txartela erakutsi, eta inolako azalpenik eman gabe komuna erabili ahal izango du”. Mugikorretan ere bai. ACCU-ko kideek gaineratu dutenez, erabiltzaileak proiektura atxikituta dauden komunak non dauden jakiteko aukera izango du, mugikorretarako Beharra daukat aplikazioari esker. Aplikazioak erabiltzailea dagoen tokia geolokalizatu, eta gertuen dituen komunen berri ematen dio, besteak beste.