Ondarroa Arraun Elkarteak lortutako banderak bedeinkatuko dituzte
Ohitura den modura, denboraldian irabazitako banderak bedeinkatuko dituzte Ondarroa Arraun Elkarteko kideek. Bedeinkazioa etzi [azaroak 12] egingo dute Antiguako Ama baselizan. “Banderak bedeinkatzea gure aurrekoek egindako usadio zaharra da; eta banderak irabazten diren heinean, guk ere ohituragaz jarraituko dugu”, azaldu du Gorka Elordi elkarteko presidenteak.
Presidenteak aurreratu duenez, herriko arraun zaleak 11:00ak inguruan batuko dira Alamedan. “11:00ak aldean Alamedan batu, eta banderak erakutsi ostean, Antiguarantz joango gara”.
12:00etan hasiko da elizkizuna, eta 13 banderak bedeinkatu eta amabirjinari datorren denboraldirako zorte ona eskatu ostean, herrirantz jaitsiko dira arraunlariak. Trikitilariek lagunduta, osteratxoa egingo dute Alde Zaharrean eta herriko beste hainbat txokotatik zehar. Kalerik kale banderak astintzen ibili eta gero, 14:30ak inguruan, Beikozinin egingo dute bazkaritan batuko dira klubeko arraunlariak, entrenatzaileak, prestatzaile fisikoak eta zuzendaritza taldeko kideak.