TMA-ko langile ohien aldeko mozioa onartu du Markina-Xemeingo udalbatzak
Azaroaren 29an, Etxebarrian zegoen TMA-ko (Talleres Mecanicos Arakistain) bi langile ohi epaituko dituzte. Auzipetutako langileei babesa adierazteko mozioa aho batez onartu dute Markina-Xemeingo udaltzaba osatzen dute alderdi guztiek. Erabakia, hain zuzen ere, atzo [azaroak 10] egindako osoko bilkuran hartu zen.
TMA-ko langile ohiek sartutako mozioari dagokionez, lau puntu onartzeko eskatu diote Markina-Xemeingo udalbatzari. Besteak beste, fiskaltzari langileen aurkako eskaera bertan behera uzteko eskatuko diote. Aldi berean, mozioa onartuta, Rafael Zabalari salaketa kentzeko eta langileei zor diena ordaintzeko ere eskatu dute Markina-Xemeingo udalbatza osatzen duten alderdiek.
Horrez gain, azaroaren 27an Markina-Xemeinen egingo den manifestazioan parte hartzeko konpromisoa hartu du Markina-Xemeingo Udalak, eta herritarrei parte hartzeko deia ere egin diete. Azkenik, fiskalari eta herriari erabakitakoaren berri ematea adostu dute.
Argazkiak batzen. Bide batez, herritarrek ere euren atxikipena eman ahal dute. Horretarako sare sozialetara Neuk be eingo neuke leloa duen kartelagaz ateratako argazkia igotzea eskatzen dute langile ohiek eta LAB sindikatuak; argazkia igotzerakoan #neukbeeingoneuke traola erabiltzeko eskatu dute.
HEMEN JASOTAKO ARGAZKI BATZUK: