Munitibarko Euskara Batzordeak batzarra deitu du biharko
Batzordeko kideak eta gainontzeko bizilagunak 18:30ean elkartuko dira, udal aretoan.
Munitibar, euskararen arnasgunea? galderaren inguruan bildu, eta udalerrian euskararen ezagutza eta erabilera zelan dauden aztertu eta eztabaidatuko dute. Izan ere, Munitibarko Udalak iaz egindako galdeketatik eta haren osteko diagnositik ondorioztatu zutenez, herrritarren %97 daki euskaraz.
Euskara Batzordeko kideek azaldu dutenez, euskara jakitea eta erabiltzea gauza bera ez denez, eta herrian geroz eta erdara gehiago entzuten delako arduratuta, erabilera ikertzeko kale-neurketa egin dute aurten.
Hain zuzen ere, bihar azterketa horren emaitzak azalduko dituzte.
Horregaz batera, azterketaren ondorioak eztabaidatzeko eta aurrera begira egin beharrekoak zehazteko aurkezpena egingo dute.
Parte hartzeko deia. Euskara Batzordeko kideek herri batzarrera bertaratzeko deia luzatu diete herritarrei: “Egin beharreko guztia ganoraz egiteko ezinbestekoa da guztion ekarpena, norbanakoena zein eragileena, eta zurea egin dezazun eskatu nahi dizugu”.