Nagore Elu kirolari ondarrutarrak
Bizkaia Kopa Trail ligako 7. etapa irabazi du, BTT kategorian. Ondarrutarra, hain zuzen ere, domekan [azaroak 13] Zamudion jokatutako proban onena izan zen.
Elu pozik agertu da lorpenagaz, eta triatloiko eta raid lasterketetan lehiatzera ohituta baldin badago ere, ez du sekula mendiko bizikletako proba batean lehiatu. “Horrelako proba batean parte hartu dudan estreinako aldia izan da, lagunartean ibili izan naiz orain arte beti. Egia esan, lehia probatzeko asmoagaz joan nintzen bertara”.
Nagore Elu, lasterketako saria eskuan. Argazkia: Aitzol Barrondo
Probari dagokionez, eguraldi txarrak nahikoa zaildu zuen lasterketa bera. Parte hartzaileek 20,22 kilometroko ibilbidea osatu behar izan zuten, eta ondarrutarrak nabarmendu duenez, oso teknikoa izan zen. “Proba bera oso teknikoa zenez, ondo moldatu nintzen. Polita iruditu zitzaidan lasterketa bera ere. Hori bai, euri asko egin zuenez, basa asko zegoen, eta zikin-zikin eginda amaitu nuen proba”.
Nagore Elu basaz beteta, proba ostean. Argazkia: Aitzol Barrondo