Epaitegiak artxibatu egin du iaz Lekeition intoxikatu ziren bikien auzia
2015eko ekainean astaperrexilaz intoxikatu ziren Lekeitioko 13 urteko bikien auzia artxibatu egin du Gernika-Lumoko epaitegiak. Umeetako bat hil egin zen. Hasiera baten umeen aita susmagarritzat hartu zuten. Orain, baina, aitak umeak intoxikatu zuela ezin dela frogatu argudiatuta, epaitegiak auzia artxibatzeko erabakia hartu du.
Fiskaltza izan da auziko akusazio bakarra. Eta harek ere, “aitak intoxikazioan parte hartu zuela ezin dela frogatu iritzita”, ikerketa artxibatzeko eskaera egin du.
Gertaera. 2015eko ekainaren 26a zen [barikua] bi umeak intoxikatu zirenean. Ertzaintza intoxikazioaren iturria ikertzen hasi zen berehala eta hasiera baten aita atxilotu zuten. Ordu batzuetara, aita, 38 urteko gizonezkoa, aske geratu zen.
Komunikabide ezberdinek jakitera eman zutenez, bi anaiak aldi berean gaixotu ziren ekainaren 26an, Lekeitioko leku ezberdinetan egonda, eta artatu zituzten medikuek uste izan zuten produktu toxikoren bat edo txarto zegoen zerbait jan zutela. Gerora ondorioztatu zuten astaperrexilaz intoxikatu zirela.
Bi anaiak Gurutzetako Ospitalera (Barakaldo) eraman zituzten helikopteroz, baina horietako bat uztailaren 1ean hil zen.