Europako erakundeak Lea-Artibaiko Berrikuntza Gunean bilduko dira Ekonomia Zirkularraren inguruan hitz egiteko
Retrace ekonomia zirkularraren inguruko proiektu europarraren bazkideak bilduko dira bihar [azaroak 17], Azaro Fundazioaren egoitzan, Ekonomia Zirkularragaz erlazionatutako esperientzia, proiektu eta praktika onak ezagutzeko. Lea-Artibai Berrikuntza Gunean egingo den jardunaldian egongo dira bai eta ere, gai horretan interesa duten enpresak eta ekonomia zirkularragaz lotutako enpresa jarduerak garatzen dituzten beste hainbat enpresa eta erakunde.
Lau urteko iraupena izango duen Retrace proiektuan Europako bost herrialdetako erakunde eta gobernuek parte hartzen dute: Italiako Turingo Unibertsitate Politeknikoak eta Piamonte eskualdeak; Frantziako ESTIAk (Ecole Supérieure des Technologies Industrielles Avancées) eta APESAk (Centre Technologique en Environnement); Esloveniako Gobernuko Garapen eta Politika Kohesio Europarren sailak; Errumaniako Ipar-ekialdeko Lurralde Garapen Agentziak, eta Euskal Herriko BEAZek eta Azaro Fundazioak.
Proiektuko kide guztiak Bizkaira datoz egunotan, toki bakoitzeko kasuak ikertzeko. Horrela, Lea-Artibain egongo dira bihar, eta etzi [azaroak 18] beste jardunaldi bat edukiko dute Bilbon.
Jardunaldiak. Azaro Fundazioak orain dela urte bete martxan jarritako Blu Lab Lea-Artibai ekonomia urdinean oinarritutako proiektu estrategikoa aurkeztuko du biharko jardunaldian, eta ingurumenarekiko jasangarriak eta ekonomikoki bideragarriak diren negozio eta enpresak bultzatzeko jarraitu behar diren gidalerroak ere ezagutzera emango dituzte.
Barikuan, ostera, Bizkaian, ekonomia zirkularrarekin lotuta, garatu diren ekimen ezberdinak aurkeztuko dituzte: Bizkaia Innovation Strategy (Beaz), Blue Lab Lea-Artibai (Azaro Fundazioa) eta Circular Basque Strategy (Innobasque) besteak beste. Imanol Pradales, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomi eta Lurralde Garapen diputatuak emango dio ekitaldiari hasiera.