Lekeitioko etxe hutsei %50eko errekargua ezartzea erabaki du Udalak
Proposamen bi. OHZren gaineko ordenantza lekeitiarrentzako ezinbestekoa dela adierazi du EH Bilduk. Lekeitiarrek duten arazo nagusienetako bat ez ohiko etxeen kopuru jasanezina dela diote. Izan ere, 7.300 biztanle ditu Lekeitiok eta 2.200 bizilekutan ez dago inor erroldatuta.
“Lekeitiarron zati batek ezin du erabili bere herriak duen hiri-ondarea, ez ohiko etxeak direlako. Ondorioz, etxebizitza berriak egiteko herriak duen landa lur apurra okupatzen jarraitzen da. Horrez gain, ez ohiko etxeek, udan alokatzen diren gehiegizko prezioengatik edo alokairu merkatutik kanpo geratzen direlako, eragiten duten etxebizitzen prezioaren igoera handia soberan ezagutzen dugu”.
Duindduz herri mugimenduak behin baino gehiagotan salatu duen egoera sozial larriagaz bat egiten duela adierazi du EH Bilduk. “Lekeitioko gazte zein nagusiak norberaren herrian ezin bait dugu bizi”.
Horregaitik, “herriko arazo sozial honi adarretatik heltzen hasteko”, OHZren gaineko ordenantzari proposamen bi egin dizkiotela zehaztu dute. Lehenengo, ohiko bizileku ez diren etxebizitzei, gas eta argindarraren urteko bataz besteko kontsumo minimo batera heltzen ez badira, %50ko errekargu bat ezartzea proposatu dutela azaldu dute, eta bigarrenik, etxejabea zahar egoitzan sartzeagatik edo beste etxe batera eramateagatik, hutsik geratu diren etxebizitzak errekargutik salbuestea.
Sarreraren erabilera erabakitzeko. Proposamen bi horiek ordenantzan jasota geratu dira, eta eskuratutako lorpena txalotu dute, “bizilekuen funtzio soziala bermatu eta gehiago dutenek gehiago ordaintzeko lehen urratsa” eman dutelako. Hala ere, lorpen hau bide luze baten urrats txiki bat baino ez da EH Bilduren ustez. “Eta egin beharreko bide hori Lekeitioko herri mugimenduarekin batera egin beharko dugu. Izan ere, politika sozial hurbil eta errealik ez dugu izango, herriarekin konpartitua ez bada”.
Gainera, errekargu horretatik lortzen den etekina zertara bideratuko den erabakitzeko geratu dela azpimarratu dute, eta etxebizitza politiketarako erabili beharko litzatekeela diote. “Ordaindu ezin duten pertsonei laguntzeko edo alokairu sozialerako. Famili unitatea eta errenta kontuan hartuta diru-laguntzen ordenantza bat egin beharko litzateke”.