Euskadi Gaztearen Gaztea Dantzan lehiaketako bideo finalisten artean daude Ondarroako Jazz Dantza Taldeko bi talde. Herritarrek martitzena [azaroak 22] dute bozka emateko azken eguna. Epaimahaiak hiru sari emango ditu eta publikoak beste hiru.
Ondarroako bi taldeen bideoak
Bang my head (Sia) eta
Karmin (I want it all) dira. Finalisten artean horiek badaude ere, bi eskualdeetatik bideo gehiago ere aurkeztu dira lehiaketara; jakitera eman dutenez, 70 bideo baino gehiago aurkeztu dira.
[BOTOA EMATEKO LOTURA]
Sariak. Finalean
24 bideo daude, eta horietatik herritarrek emandako boto gehien jasotzen duten lehenengo hirurek
entzuleen sariak eskuratuko dituzte: 1.000 euro, 500 eta 300. Sari horiez gain, epaimahaiak beste hiru emango ditu: talde onena (1.000 euro), bakarlari edo bikote onena (500 euro) eta bideo onena (500).

Ondarroako talde batek lehiaketara aurkeztutako bideoko irudi bat.
Beraz, martitzenera arte herritarrek
egunero eman ahal dute bozka; posta elektroniko bakoitzetik egunean boto bat eman ahal da.
Irabazleak eguaztenean [azaroak 23] jakitera emango dituzte,
DiDa irratsaioan.
Finalistak izateko arrazoiak. Halaber, epaimahaiak bideo finalistak zergatik aukeratu dituzten ere jakitera eman dute. Horrela, Karmin taldeak «lan polita» egin duela esan dute. «Dantzaz gain bideoan istorio bat ikusten da. Dantza egiteko keinu batzuek kasinoan croupier lanetan aritzen direnak dirudite. Dantzari onak dira eta oso ondo dantzatzen dute, baina, hobetze aldera, bideolan bat izanik, kamerarekin kontaktu gehiago izatea komeniko litzateke».
Siaren
Bang my head abestiaren bideoa egin dutenak «oso ondo koordinatutako taldea» direla esan dute epaimahaiko kideek. «Lurzoru finko batean dantzatzean koreografia polit horrek zailtasuna duela kontuan izan beharko genuke. Jazz estiloan dantzatutako koreografia freskoa, bizia eta alaia da».