Osoko bilkura aretoa berritu eta egokitu du Etxebarriko Udalak
Orain artekoa osoko bilkuretarako egokia ez zela ikusita, aurtengo aurrekontuetan aurreikusita zuen modura, udaletxeko osoko bilkura aretoa berritu eta egokitu du Etxebarriko Udalak. Bederatzi jarrilekuko mahai bat jarriko dute orain, lehen zegoenaren ordez. «U baten formakoa, udalbatza osoa eta idazkaria jarri ahal izateko, eta herritarrak aurreko aulkietan egon ahalko dira», zehaztu du Jesus Iriondo Etxebarriko alkateak.
Egurra eta beira erabili dituzte osoko bilkura arteoari itxura berria emateko, eta lan guzti horrek 60 bat mila euroko aurrekontua izan dutela jakitera eman dute. Hala ere, egokitze lan horiek aurrera eramateko Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza izan dutela jakitera eman du udalak. «%50eko laguntza emango digute. Gutxi gorabehera 27.000 euro izango dira», azaldu du alkateak.
Urrian hasi ziren lanekin, eta lanak iraun duten bitartean, batzorde eta talde batzuk udaletxeko beheko aretoan prestatu duten mahaian batzen egon dira.