Tetxu Meabe Derteano absolbitu egin dute
Abokatuak gaur arratsaldean [azaroak 16] eman dio albistea lekeitiarrari. Eta jakinarazpen ofiziala eskuartean ez badauka ere, Meabek badaki Espainiako Auzitegi Nazionalak errugabetzat jo duela. Fiskalak alegazioa aurkeztu ahal badu ere, lekeitiarraren abokatuaren ustetan ez da halakorik gertatuko. Lekeitiarrak berriagaz “pozik” dagoela adierazi dio HITZAri.
Jabi Goitia Kabi-ren heriotzaren urtemuga ekitaldia antolatzea egotzita, astelehenenan [azaroak 14] eduki zuen epaiketa lekeitiarrak, Madrilgo (Espainia) Auzitegi Nazionalean. Aipaturiko ekitaldian “ez zela egon eta ez zuela inork identifikatu” berretsi zuen Meabek, eta testigu bi ere eraman zituen. Defentsaren argudioak fiskalarenei gailendu zitzaizkiela uste izan bazuen ere, defentsak eskatutako absoluzioa lortzeko konfidantza gehiegirik ez zuela aitatu du.
“Espainiako Auzitegi Nazionalak erakusten duen jarrera eta konfrontaziorako gogoa bistan dago”, adierazi du Meabek. Horren erakusgarri dela esan du, esate baterako, Altsasuko auzia. “Konfrontazioan gotortu nahi dute”. Hori dela eta, bere ebazpenagaz pozik badago ere, kontestu orokorrak arduratu egiten duela nabarmendu du lekeitiarrak. “Gauzak ez dira aldatu”.