40 urtetik gorakoek esku pilotan jokatzeko aukera edukiko dute domekero, pilota goxua erabilita. Helduen parte-hartzea bultzatzea helburu, aurten ere, martxan jarriko dute Lekeition, Trinketeko Esku Pilota Txapelketa.
Lehieketa binaka jokatuko da, adina zehatz bat daukatenentzat. Horrenbestez, 40 urtetik gorakoek ahalko dute jokatu. “Gutxienez 40 urte bete behar dira 2017an”, zehaztu dute antolatzaileek.
Izen ematea zabalik
Kiroldegian izena eman behar dute jokatu nahi dutenek, 2017ko urtarrilaren 8a orduko, edo bestela, 94-624 30 05 telefono zenbakira deitu dezakete. Partidak domeka goizetan jokatuko dira, urtarrilean, otsailean eta martxoan, pilota goxoekin.
Bastida, Telleria, Arrate eta Orbea pilotariak Lekeitioko trinketean. Argazkiak: Beteranoen Txapelketa
Sei bikote aritu ziren iaz zein baino zein gehiago. Lekeitio, Eibar, Deba, Mallabia, Elgoibar, Mendaro,Garzaron (Nafarroa) eta Mendexakoak, eta Mallabira eta Debara joan ziren txapelak lehenengo aldiz, German Telleria eta Javier Bastidaren eskutik. Aitor Orbea eibartarra eta Julian Arrate lekeitiarra izan ziren beste bi finalistak.
Aurten ere, hainbat parte hartzaile espero dituzte antolatzaileek, eta 50 urtetik gorako hiru bikotek izena emanez gero, eurentzat txapelketa berezia antolatuko dutela jakitera eman dute. “Adin nagusiko jendea ere animatu nahi da», nabarmendu dute. Egunen batean, gainera, Euskal Herriko beteranoen txapelketa bihurtzeko asmoa daukate. «Ea Mutriku, Ondarru, Gernika-Lumo, Markina-Xemein, Munitibar eta inguruko jendea ere animatzen den».
Txapelketa Lekeitioko Udalaren laguntzagaz antolatzen dute.