Martin Rodrigo y Alharilla historia irakasleak idatzitako
Los Goytisolo. Una prospera familia de indianos liburua aurkeztuko dute bihar [azaroak 19], 11:00etan, Lekeitioko kultur etxean.
Aurkezpenean, Rodrigo y Alharillak Kataluniako Goitisolo sendiaren inguruko hitzaldia eskainiko du. Senida horretako kideak, hain zuzen ere, 1811. urtean Lekeition jaio zen Agustin Goitisolo Lezarzabururen ondorengoak dira.
Goitisolo arotza zen, eta 1833. urtean Cubara emigratu zuen. Han, Simpatia y Lequeitio azukre lantegiagaz aberastu zen. Eta lorpen ekonomiko eta politiko asko eduki eta gero, Bartzelonara (Katalunia) joan zen. Cuban zituen interesak alboratu gabe, Kataluniako hiriburuan hainbat inbertsio egin zituen Goitisolok.
Agustin Goitisolo, liburuaren azalean.
Rodrigo y Alharillak Goitisoloren eta haren ondorengoen bizitzak kontatu ditu liburuan. «Batik bat, Goitisoloren semeen bizitza da liburuak jasotzen duena». Horien bizimoduak errepasatuz, Kataluniako eta Euskal Herriko industriek eduki zituzten harremanak bistaratzen dira.
Liburuak, baita ere, azukrearen inguruko negozioek esklabotasunarekin edukitako zuzeneko erlazioa ere jasotzen du.
Beraz, idazleak bihar [azaroak 19] Lekeition eskainiko duen kontakizuna liburuan jasotzen diren gai ezberdinen inguriko berbaldia izango da.