Bizkaiko Foru Ogasunak operazio bat abiatu du, Ogasunari ostenduta geratzen zaion arrain salerosketaren zirkuitua noraino ailegatzen den ikusteko. Horretarako, ikuskaritza fiskaleko zenbait langilek (ikuskatzaileak, ikuskatzaileordeak, agente fiskalak eta Auditoria Informatikoaren Unitateko kideek) dokumentazioa eskatu dute Bermeoko eta Ondarroako lonjetan.
Ogasun sailak jakitera eman duenez, harrapatutako espezien, pisuen eta lonjetako salmenta-prezioen inguruan bildutako informazioa erabiliz
ikuskaritzak egingo zaizkie armadoreei, arrainaren handizkako merkatariei eta lonjei. “Foru Ogasunari ea beren mozkinen zati bat ostendu egiten dioten erabakitzeko”. Izan ere, dokumentuon bitartez detektatu ahal izango dutela esan dute “alderik dagoen emandako fakturen eta egindako salmenten artean”.
“Lonja bietan esku-hartzeak egin dira hain zuzen ere, Foru Ogasuneko langileek aurreko urtean informazioa lortzeko egindako jarduketetan beltzean egindako salmenten
zantzuak zeudela ikusi zelako, eta aurretik egindako beste ikuskaritza fiskal batzuetan Foru Ogasunaren ezkutatzen zaion arrainaren salerosketarako zirkuitu bat badagoela ondorioztatu delako”, azaldu dute.
Foru Ogasunak aditzera eman duenez, Armadoreak handizkako merkatariari, lonjaren bitartekaritzarekin, egindako lehenengo salmentan abiatuko litzateke
zirkuitua, eta azken kontsumitzaileraino iritsiko litzateke. “Mutur horien bien artean ostalaritza establezimenduak ere egongo lirateke, halako negozioei egindako zenbait ikuskaritzatan egiaztatu denez establezimenduotan beltzean erosten dute eta arraina”.
Operazio hau egiteko, Bizkaiko Foru Ogasuna Gipuzkoako Foru Ogasunarekin eta Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin (AEAT)
koordinatu da, eta azken bi horiek, aldi berean, beren jarduteko eremuetako beste arrain-lonja batzuk ikuskatu dituzte. Hau da, Bizkaiko Foru Ogasunak iruzurraren aurka beste administrazio batzuekin koordinatuta egiten duen lehenengo operazioa. Era horretan, indartu egin dute administrazio horiek, ihes fiskalaren aurkako borrokaren emaitzak hobetzeko, dagoeneko abiatuta zuten lankidetza.