Uxu Ondarroako emakumeen taldeak antolatuta,
Indarkeria matxista, memoria, aitorpena eta erreparazioa hitzaldia eskainiko du Maitena Monroy Romerok (Bilbo, 1972) astelehenean [azaroak 21], 19:00etan, Ondarroako Etxelilan.
Indarkeria matxista, memoria, aitorpena eta erreparazioa izenburua dauka hitzaldiak. Baina egungo gizartea ze puntutan dagoela uste duzu?
Indarkeria sexistaren aurkako aurrerapauso asko eman ditugu. Alde batetik, emakumeen aurkako indarkeria kasuei dagokienez, lehen etxe barruan ezkutatuta geratzen ziren arazoak kanpora atera dira azken urteetan. Baina, aldi berean, sistemak ondo egin duena eta egiten duena da indarkeria mota hori sustatzea. Izan ere, indarkeria sexista kasuak aipatzerakoan, guztioi gogora etortzen zaiguna da indarkeria sexuala. Beraz, nik uste gizartearen aurrerapausoari begira, momentu interesgarrian gaudela. Baina, aldi berean, momentu arriskutsuan ere bagaudela uste dut. Baloreen krisialdian gaude.
Eta krisi horrek zer dakar?
Horrelako krisiak gertatzen direnean, eredu kontserbadoreetarako joera nagusitzen da jendartean. Eredu kontserbadoreek oso diskurtso ezagunak izaten dituzte; euren diskurtsoa da «denak balio du» dioena. Diskurtso horrgaz lortzen dute, gainera, emozionalki jendearengana heltzea.
Nola aurre egin horri?
Justizia sozialean eta giza eskubideetan sinisten dugun mugimendu sozial, pertsona, erakunde eta taldeei dagokiguna da harremandu nahiko genukeen marko sozialari buruz berba egitea. Marko sozial hori, baina, giza eskubideak errespetatzean oinarritu behar da.
Maitena Monroy Romero
Emakumeen aurkako indarkeriaren definizioa desitxuratu egin dute edo egin nahi dute?
Gauza asko esaten dira, baina egia dena da emakumeen aurkako indarkeria kasuak giza eskubideen urraketak direla. Izen egokiak eduki behar ditugu, eta jakin behar dugu izen horien atzean zer dagoen. Gizartearen zati handi bat indarkeria sexistaren aurka dago, baina kontra egoteak bakoitzak bere erara interpretatzen du. Guztiok diogu hiltzea txarto dagoela, baina sakontzen hasiz gero, ezberdintasunak bistaratzen dira. Bikote harreman baten, esaterako, normalak ez diren gauza asko onartzen ditugu (bikotearekiko kontrola, tira-birak, sakrifizioak…).
Beraz, borroka hau kokatzen den markoa definitu behar da.
Hori da. Indarkeria sexistaren aurkako borroka hau zein markotan kokatzen den argitu behar dugu. Eta ezin dugu ulertu gaur egungo egoera iragana ezagutzen ez badugu. Hain zuzen ere, jendeak ahaztu duena hori da, nondik gatozen. Gure ahaideen kontakizunak desberdintasunez eta indarkeriaz beteta daude. Eta umeei eta gazteei hitz egin behar diegu emakumeen aurkako indarkeriak suposatu duenaz; azaldu behar diegu emakumeen kontrako indarkeria estrukturalki sortu zela jendartearen erdia beste erdiaren menpe egoteko. Hori jakin egin behar dute. Beraz, lehenik eta behin, egindako mina onartzeko prozesu bat egin behar dugu, eta ostean, biktimen erreparazioan sakondu.
Zure ikuspuntutik, komunikabideek nola lantzen dituzte indarkeria kasuak?
Adibidez, Parisko atentatuari dagokionez, badakigu Bataplanen zeintzuk hil zituzten, izen eta abizenekin. Baina hilketa matxista bat gertatzen denean, emakumeen inguruan hitz egiten da, orokorrean. Oso zaila da enpatizatzea biktimak aitortzen ez baditugu. Biktima horiek ahotsa daukate, gorputza, bizitza… Eta denaren gainetik, eskubideak dituzte, urratu diren eskubideak. Egia da indarkeria sexistaren biktima guztiak ez dituztela hilko, baina egia da baita ere batzuk hil egingo dituztela. Eta horiek gure oroimenean egon behar dute, gutxienez, behintzat, hil dituztenak.
Atzera begiratu behar dugu, aurrera egin ahal izateko.
Biktimak aitortu eta emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak errepasatuz, sentitzen duguna zer den, elkarbizitzarako eredua zein izatea nahi dugun eta gure gizarteak zeintzuk baloreen gainean eraikin nahi ditugun zehaztu ahalko dugu, eta horiek belaunaldi berriei azaldu. Azken finean, ariketa hori eginda, adiskidetze prozesu bat egingo dugu.
Monroy: “Gure inguru geografikoan erabaki dugu arazo politikoak ez direla indarkeriaren bidez konpondu behar, baina, aldiz, arazo pertsonalak indarkeria erabilita konpondu ahal direla pentsatzen jarraitzen dugu”
Horretarako, ze tresna jarri behar dira martxan?
Lehenik eta behin, indarkeria hau ahalbidetzen duten aktoreak aipatu behar dira. Horiek barre egiten duten guztiak dira; ezer egiten ez duten guztiak dira errudunak. Besteak beste, 2004an emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako lege integrala sortu zenetik ezer egin ez duten politikari guztiak dira indarkeria hau ahalbidetzen dutenak. Ezer ez egiteaz gain, emakumeen eskubideak urratzen jarraitzen dute. Eta hain justu, gure giza eskubideen aurka egitea ere indarkeria da. «Salaketa faltsuak, legeak emakumearen alde daude» bezalako esaldiak esaten dituztenak dira errudunak. Funtsean, arazoa baloreetan, ideologian, sistema estruktural batean dago, zeinek zilegizkoa bihurtu duen emakumeen aurkako indarkeria.
Zein da zure ustez eman beharko litzatekeen hurrengo pausoa?
Pertsona askeak eta eskubide berak dituztenak eraiki behar dira. Eta hori da jendartean landu behar dena. Erreparazio lan gogorra egin behar dugu, eta biktimak aitortu behar ditugu. Prozesu ezberdinetako biktimak aitortzeko hainbat ikono ditugu. Zer dela-eta ez da egiten bat indarkeria matxista jasan dutenak aitortzeko? Zergatik ez da aitortzen giza eskubideen urraketa basati hau?
Eta zein da erantzuna?
Hori ez da egiten, gauden garaian jende askok pentsatzen duelako bikote harreman bateko arazoak bikotean bertan geratu behar direla, beti ere indarkeria fisikoa tartean ez badago. Indarkeriak, baina, forma ezberdinak ditu. Gauza bat da arazo bat edukitzea, eta beste gauza bat da arazo hori indarkeriaren bitartez konpontzea. Bikote harreman batean ez dira borrokak egon behar, eztabaidak baizik. Gure inguru geografikoan erabaki dugu arazo politikoak ez direla indarkeriaren bidez konpondu behar, baina, aldiz, arazo pertsonalak indarkeria erabilita konpondu ahal direla pentsatzen jarraitzen dugu.