Goikolau Sariak emanez, herrigintzan lan egin eta Berriatuaren izena mundu mailan zabaldu duten herritarrak saritzen ditu urtero Berriatuko Goikolau kultur elkarteak. Sariak emateaz batera, elkarteak sarituen inguruko erakusketa ere egiten du. Aurten, proba mundua hartu dute gaitzat, eta P
roba munduan Berriatuan, ondu ezetz! erakusketa
ikusgai dago,
hilaren 27ra arte, Goikolau elkartearen lokalean.
Ordutegia: barikuetan, 19:00etatik 20:30era; zapatu eta domeketan, 12:30etik 14:00etara.
900 argazki eta dokumentu, hamar bideo, txapelak, probak iragartzeko kartelak, mantak eta beste hainbat eta hainbat material bildu dituzte elkarteko kideek. Sukaldeko lan handia egiten dute material hori guztia biltzeko. Izan ere, urteak atzera egindako ekintzak eta orduan bizitakoak biltzen orduak eta orduak ematen dituzte elkarteko kideek. “Egindako ekintzak biltzen ditugu, eta horiek fitxen bitartez lotu; fitxak dira zila, eta ekintzak helmugak. Eta informazio eta material guztia biltzeak ordu asko eskatzen ditu”. Gaur egun egiten diren ekintzak jasota geratzen badira ere, lehen ez zen horrela egiten. “Egunero idazten dugu liburua, eta ekintzak egin ahala gauzak jasota uzten baditugu, ondorengoek bilketa errazago egingo dute”.
Berriatuarrak, erakusketan bildutakoak ikusten. Argazkia: Igor Iruetaguena
Materiala biltzen aritu izan diren bitartean, gainera,
proba munduan ibilitako herritarrei elkarrizketak ere egin dizkiete. “Erakusketan proba munduan ibilitako herritarren 40 bat fitxa daude. Fitxa horietan, herritarraren inguruko datuak ipintzeaz gain, bizirik dauden probalarien oroitzapenak eta liburu ezberdinetatik jasotako informazioa ere bilduta dago”, azaldu dute elkarteko kideek. Bildu dutenarekin dokumental bat egiteko beste dutela diote.
1939koa da erakusketan ikusgai dagoen argazkirik zaharrean, eta manta zaharrena 1952. urtekoa. “Hortik aurrerakoak ere badaude erakusketan”.
Proba munduak Berriatuan pisu handia eduki duela diote bai Goikolau elkartekoek bai eta Euskal Herriko proba munduaren historia jorratzen duten argitalpenek ere. “
Deporte rural 1956-1990 liburuan esaterako, 211 orrialdetan
berriatuarren 400 aipamen inguru daude”.
‘Proba munduan Berriatua, ondu ezetz!’ erakusketaren inaugurazioa. Argazkia: Igor Iruetaguena
Sariaren berezitasuna. Elkarteak saritzen dituztenek jasotzen duten oroigarria ere ez da nolanahikoa izaten. Izan ere, Berriatuko Lamina kobazuloan aurkitutako ustezko ilargi egutegiaren erreplika bat eskuratzen dute.
Sariak hilaren 26an (barikua) banatuko dituzte, 19:30ean, plazan. Eta aurtengo gaia kontuan edukita, lan erraza ez dute edukiko berriatuarrek proba munduan ibilitako herritar guztiei sari berezi hori emateko.