514,5 puntugaz, Jone Uria Albizuri nagusitu da gaur arratsaldean [azaroak 19], Markina-Xemeingo frontoian jokatu den Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoan. Horrela, Uria, zuzenean sailkatu da abenduaren 17an jokatuko den finalerako.
Herriko bertsolaria, Nerea Ibarzabal Salegi geratu da bigarren sailkapenean. 482 puntu lortu ditu Ibarzabalek, eta herritarrek eskainitako sostengua eta txaloak eskertu ditu azken agurrean. Orokorrean ondo aritu da Markina-Xemeingo bertsolaria, baina, une batzuetan urduritasunak gehiago egiten ziola zirudien.
Eneko Abasolo Txabarri Abarkas izan da puntuaketan hirugarrena. 478,5 puntu lortu ditu Abarkasek, hain zuzen.
Jone Uria oholtzan kantuan.
Oihana Bartra Arenas, Txaber Altube Sarrionaindia eta Joseba Barandiaran Andueza izan dira puntuaketan laugarrena, bosgarrena eta seigarrena hurrenez hurren. 476 puntu, 450,5 puntu eta 396,5 puntu lortu dituzte.
Lanak. Hamarreko nagusian , zortziko txikian eta hamarreko txikian ofiziotan hiruna bertso kantatu behar izan dituzte bertsolariek kartzeko lanera heldu orduko. Binaka jardun dute eta era guztietako gaiak jarri dizkie Amaia Ugalde Begoña gaurko saioko gai-emaileak. Zesta-punta jokalari, kazetari, lankidea istripuan galdu duten behargin, film bateko figurante, taxi gidari edo adinean doazen lagun biren papera hartu behar izan dute bertsolariek, besteak beste, finalaurreko batean behar bezalako jarduna eskaintzeko, eta ahalegin guztiak jarri dituzte horretan.
“Beste aldekoa entzuteko belarria atearen kontra” ipini dute, azkenik, bakarkako lanean, eta gaurko irabazlearen hiru bertsoek eragin dute publikoaren txalo zaparrada handiena. Emakumeen kontrako indarkeria lotzen jakin du-eta gaiagaz Jone Uriak. Hala ere, hamarreko nagusian Abarkasegaz egindako bikoan, eta hamarreko txikian Oihana Bartragaz umearen zaintzarako eszedentzia hartzeko erabili duen eztabaidan eskuratu du puntuazio handiena Uriak.
Ez dute lan erraza izan epaileek. Lea-Artibaiko bi egon dira gaur epaimahaian, bertsolarien lana aztertzen: Ander Txakartegi Basterretxea berriatuarra eta Mirari Azula Aurrekoetxea lekeitiarra.
Bertsolari guztiak, saioaren amaieran.
Animorik eta jarraitzailerik ez dute falta izan bertsolariek. Frontoiko harmailetan eskegita egon dira eurak babesteko pankartak. Lehen finalaurrekoa gogoz hartu dute bertsozaleek eta frontoiko jesarlekuak beteta egon dira.
Beste bi finalaurreko eta finala gelditzen dira txapelketa borobiltzeko Bigarren finalaurrekoa azaroaren 27an jokatuko da Basauriko Artunduaga kiroldegian. Lea-Artibaiko ordezkari bi egongo dira bertan: Etxebarriko Joseba Artza Zubillaga eta Xabat Galletebeitia Abaroa lekeitiarra. Aitor Bizkarra Ruizek, Beñat Ugartetxea Ostolazak, Imanol Uria Albizurik eta Onintza Enbeita Maguregik osatuko dute taldea.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.