Debabarreneko Mankomunitateak zabor bilketa sistema berria ezarriko du Mutrikun, Debarekin batera. Zehatz esanda, Mutrikuk eta Debak ere materia organikoaren gaikako bilketa egingo dute, eta birziklatu ezin diren hondakinetarako edukiontzi grisa izango duten Mankomunitateko lehen udalerriak izango dira. “Debabarrenak komunitate osora zabalduko du edukiontzi bidezko bilketa, eta sistema hobetuko du edukiontzi grisarekin. Edukiontzi grisa, hain zuzen ere, 2017an ezarriko da Mankomunitate osoan”.
Mutrikun, esate baterako,
bihar [azaroak 22] hasiko dira ezartzen biohondakinak biltzeko edukiontzi marroiak. Edukiontzi marroiek txartel magnetiko pertsonalizatu baten bidez irekitzeko sistema bat, eta erabiltzaileen datuak erregistratuko dituen txip bat izango dute. “Sistema Mankomunitateko gainerako udalerrietan aplikatzen den bera da, eta erabilera zuzena egiten den kontrolatzeaz gain, herritar bakoitzaren parte hartze mailari buruzko informazioa ematen du”.
Materia organikoaren edukiontziaz gain, birziklatu ezin diren hondakinetarako
edukiontzi grisa ere ezarriko da hilabeteko epean Mutrikun eta Deban, eta
lehen aldiz mankomunitatean. “Edukiontzi horrek errefusaren egungo edukiontzi berdea ordezkatu du. Edukiontzi berri hori abenduaren erdialdean instalatzen hasiko da, eta birzikla daitezkeen hondakinak errefusarekin ez nahastea eta birziklatze tasaka hobetzea du helburu”.
Zabor bilketa berriaren aurkezpena, Eibarren. Argazkia: Debabarrenako Mankomunitatea
Horretarako, txartel bidez irekitzeko sistema bat, eta edukiontzi marroiaren kasuan bezala, erabilera eta parte hartze maila kontrolatzeko txip bat edukiko du. “Herritarren erabilera errazteko, bizileku bakoitzeko txartel magnetiko pertsonalizatua bi edukiontzi berrietarako baliagarria izango da”.
Informazio kanpaina. Materia organikoaren eta errefusaren edukiontzi berriak ezartzearekin batera, zerbitzu berriaren xehetasunak ezagutzera emateko informazio kanpaina bat ere egingo da. “Kanpaina horren barruan, gaikako bilketari buruzko informazioa emango duen gutun bat, eta zerbitzuan alta emateko eta parte hartu nahi dutenek beharrezkoak diren material guztiak jasotzeko inprimaki bat jasoko dute herritar guztiek”.
Horrekin lotuta, gainera,
bi informazio hitzaldi ere emango dira azaroaren 29an. Bata, Anaiarte biltokian izango da, 18:00etan, eta, bestea, Zabiel kultur etxean, 19:00etan.
Era berean, izena emateko eta edukiontziak irekitzeko txartel pertsonalizatuak jasotzeko bulegoa gaituko da abenduaren 12tik 22ra, Konde kaleko 28an –lehen Debegesaren bulegoa egon zen lekuan–. Honako ordutegian egongo da zabalik: astelehenetik barikura, 11:00etatik 20:00etara, eta zapatuetan, 09:00etatik 14:00etara. Kanpainaren barruan, gainera, 900 10 43 42 doako telefonoa zenbakia ere eskainiko da, sortzen diren zalantzak argitzeko.
Biztanle guztiek, hain zuzen, hainbat material jasoko dituzte; materia organikorako poltsa konpostagarriak eta ontzi bat, edukiontzi bakoitzean sartu beharreko hondakinei buruzko informazio liburuxka eta edukiontzi berriak irekitzea ahalbidetu eta egindako erabilerak erregistratuko dituen txartel magnetiko pertsonalizatu bat emango zaizkie.