Janari bilketa berezia egingo du Ondarroako Danonartin elkarteak
Ondarroako Danonartin elkarteko kide eta boluntarioek janari bilketa berezia egingo dute asteburuan, janari bankuagaz elkarlean. Hain zuzen ere, Dia, Zaton, Aitor, Txist, Miren Lore eta Arta Bideko Eroskiren aurrean kutxak eta mahaiak ipiniko dituzte, honako ordutegian: barikuan [azaroak 25], 09:30etik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara eta zapatuan [azaroak 26] 09:30etik 13:30era.
Herritarrek nahi duten janaria eramateko aukera izango dute bi egun horietan, baina, batez ere, oinarrizko jakiak –olioa, esnea, gailetak, pasta, tomatea, lekaleak…– behar dituztela nabarmendu dute elkarteko kideek. “Dena ongietorria izango da”.
Kalean ez eze, Ondarroako hiru ikastetxeetako ikasleek egitasmoan parte hartzeko aukera izango dute. Ikasleek euren ekarpena egin ahalko dute. Aurten, gainera, Ikasle bat = esne bat! kanpaina abian jarriko dute estreinako. “Gure helburua ez da bakarrik jatekoa batzea. Herriko umeak ere kanpainan parte hartzera bultzatu nahi ditugu, eta horretarako, eurek errez ekarri ahal duten gauza bat ekartzea proposatu diegu”.
Boluntario bila. Elkarteko kideek gaineratu dutenez, bilketa berezia egiteko laguntzaileak behar dituzte. Hain zuzen ere, denden aurrean eta kaleetan mahaiak ipintzeko jendearen beharra dutela azpimarratu dute. Lagundu nahi dutenek danonartin@hotmail.com helbide elektronikora idatzi edo 685 76 92 89 telefonora deitu dezakete, zer egunetan lagundu ahal duten zehaztuz.