Erabakitze eskubidearen alde sinatu dute garai ezberdinetako 80 hautetsik
Gure Esku Dago-k Eskura prozesuaren baitako sinadura bilketa hasi zuen domekan, Goiko Plazan egindako ekitaldi berezi bategaz. Erroldatutakoen %10ak sinatzea behar dute, gutxienezOrain dela 85 urte udal ordezkariek egin modura, 1979tik gaur egunera art...
Gure Esku Dago-k Eskura prozesuaren baitako sinadura bilketa hasi zuen domekan, Goiko Plazan egindako ekitaldi berezi bategaz. Erroldatutakoen %10ak sinatzea behar dute, gutxienez
Orain dela 85 urte udal ordezkariek egin modura, 1979tik gaur egunera arteko 80 hautetsi baino gehiago bildu ziren domekan Bermeon. Euskal Herriak bere etorkizuna libre erabakitzeko eskubidea duela adierazten duen dokumentua sinatu zuten, hain zuzen ere, Goiko Plazan egindako ekitaldian. Era berean, bat egin zuten Gure Esku Dago-ren Eskura prozesuaren baitan Bermeon adostutako adierazpenagaz, eta, 2017ko apirilaren 2an egitea aurreikusita dagoen galdeketagaz.«Orain 85 urte, 1931ko uztailaren 12an, Gernikan, Bizkaiko udaletako orduko hautetsiek, Bermeoko eta Mundakako alkateak horien baitan, Euskal Errepublika aldarrikatu eta gure nazioa berregituratzeko borondatea agertu zuten. Adierazpen horrek orduko egoera politikoa astindu zuen», esan zuten GED-ren lan taldeko kideek. Domekako ekitaldiagaz orduan sinatu zutena gogoan eduki gura izan zuten.
Sinadura bilketa berezia izan zen domekakoa, eta dantzariek, txalapartariek eta Nagore Beitia bertsolariak parte hartu zuten.
Domekan Goiko Plazan egindako ekitaldiagaz, gainera, Eskura prozesuaren baitako sinadura bilketari ekin diote. «Pozik» daudela dio Ana Tere Bengoetxea GED-ren lan taldeko kideak: «Deitutako hautetsi gehienak agertu ziren sinatzera, eta, agertu ez zirenak, ezin izan zutelako izan zen. Herritar ugari bertaratu ziren, gainera. Jende ezberdina batu ginen eta hori da helburuetako bat: Galdeketak aurrera egitea pentsaera ezberdinekoekin».
Hala ere, esparru eta adin ezberdinetako jende gehiagorengana iritsi gura dutela dio Bengoetxeak, eta sindikatuekin, merkatariekin, emakumeen taldeekin, gazteekin… batzarrak egiten hasiko direla esan du.
Gutxienez, erroldatutakoen %10ak sinatzea behar dute. Hala ere, kopuru hori gainditzea espero dutela esan du.
Urtarrilaren 8an agerraldia
Goiko Plazan, lehengo Seaska dendan dute lokala eta eguazten eta bariku iluntzeetan bertan egoten direla diote. Modu horretan, erabakitzeko eskubidearen alde sinatu gura dutenek bi egun horietan izango dute aukera.
Bestalde, Urtarrilaren 8an, informazioa emateko beste agerraldi bat egingo dute Nestor Basterretxea aretoan.