Antxoa sasoia udaberria baldin bada ere, baxurako arrantzaleak antxoa asko ari dira deskargatzen euskal portuetan. Ondarroan, esate baterako, antxoa asko lehorreratu dituzte azken egunotan,
200.000 kilo inguru.
Ondarroako Kalare deuna kofradiako kideek nabarmendu dutenez, baxurako arrantzaleak urte sasoi honetarako antxoa asko ari dira lehorreratzen. “Ez da antxoa sasoia, baina harrapatzen ari dira. Normalean ez da antxoarik egoten horrelako sasoian”.
Arrantzaleak, oro har, Donostia eta Getaria bitarteko uretan ari dira arrantzatzen antxoa, kostaldetik nahiko hurre. Tamaina aldetik, berriz, harrapatzen ari diren antxoa oso txikia da;
kiloan 55-60 ale bitartekoa, freskorako saltzeko modukoxea.

Arrantzale bat antxoa lagina erakusten, gaur goizean
Gaur [azaroak 24] ere, hiru turrun entzun dira Ondarroan. 10:30ak inguruan batera lehorreratu diren bi ontzik 1.200 kaxa –batak, 800 eta besteak 400– antxoa deskargatu dituzte. Kopuru aldetik gaur deskargatutakoa gutxiago izan denez, nahikoa prezio onean saldu da arraina.
Atzo [azaroak 23], ostera, 15.000 kaxa inguru deskargatu zituzten Egidazu kaian. Kopuru aldetik gehiago izan zenez, merkeago saldu zen arraina; kiloa, 1-1,20 euro bitartean. Herenegun [azaroak 22], aldiz, 4.000 bat kaxa porturatu zituzten, eta nabarmen garestiago saldu zen kiloa, 4-5 euro inguruan.
Antxoaz gain, baxurako ontziak
sardina ere ari dira harrapatzen. Atzo [azaroak 23] nahikoa saldu zen, eta tamaina handikoa gainera, kiloan 17-19 ale ingurukoa. Hori dela eta, prezio oso onean saldu da arraina, kiloa, 1,40-1,55 euro bueltan. Tamaina aldetik arraina handia denez, gehiena fabriketarako ari da saltzen.