Asteburuan Madrileko Campoblanco tiro eremuan jokatuko den Espainiako tiro olinpikoko txapelketaren finalean parte hartuko dute Ager Solabarrieta Txakartegi tiratzaile olinpikoak eta Maite Badiola Akarregi bere laguntzaileak.
Solabarrietak aurreratu duenez,
bi diziplinatan parte hartuko dute. Zapatu [azaroak 26] arratsaldean, euskarri gabeko 60 tiro zutikako proban ariko dira, eta domekan [azaroak 27] goizean, berriz, 60 tiro etzandako proban.
Karabina berriagaz izandako
arazoak alboratuta, aurten emaitza hobeak ari da lortzen aurten ondarrutarra. Parte hartu duten azken txapelketetan eta entrenamenduetan oso emaitza onak lortu ditu, eta Madrilera ere oso asmo onekin doala azpimarratu du, podiuma lortzeko asmoagaz. “Iaz oso urte eskasa izan nuen. Entrenamenduetan ere ez nintzen oso fin ibili, eta aurten mamu horiek uxatu ditut. Orain entrenamenduetan emaitza onak ari naiz lortzen, eta aurtengo Espainiako txapelketako finalera, egia esan, lasaiago goaz. Parte hartu dudan txapelketetan ere emaitza onak lortu ditut, eta Espainiako txapelketara begira ere emaitza on bat lortzeko gai ikusten dut neure burua”.

Ager Solabarrieta eta Maite Badiola, Euskal Herriko txapelketan. Argazkia: Ager Solabarrieta
Txapelketara begira Solabarrieta gogor ari da entrenatzen, eta tenteko proban Euskadiko txapelketan lortutako
puntuazioa berdintzea edo hobetzea nahiko lukeela adierazi du. “Entrenamenduetan zelan nabilen ikusita, nire esperantza 574 punto berdintzea edo gainditzea da”.
Etzandako proban, bestalde, emaitza hobeak ari da lortzen. “Etzandako kategorian, oro har, emaitza hobeak lortzen dira, tiroa egiterako orduan tenteko proba baino zehaztasun handiago dagoelako. Ea kategoria honetan ere Euskadiko txapelketan lortutako emaitza –596 punto– hobetzea lortzen dudan”.